AKTUALITATEA


| 2021-07-02 11:14:00

EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak “obskurantismoa eta gardentasun falta” salatu ditu, Foru Gobernua eta Enplegu Plan berriaren sinatzaileek horren negoziazioa aurrera eramateko moduari dagokionez. Adolfo Araiz foru parlamentariak gaitzetsi duenez, “Gobernua ez da gai izan, ezta kopia bat bidaltzeko ere”, Gobernuak berak CEN, CCOO eta UGTrekin sinatutako eta aste honetan bertan aurkeztutako dokumentuari erreferentzia eginez. “Ez negoziazioetan zehar, ez hura sinatu ondoren, Gogernuko inor ez da jarri harremanetan gure talde parlamentarioarekin, lortzen ari ziren akordio partzialen berri emateko, ez eta azken akordioaren edukiaren berri emateko ere, aurrekontuan eragina izan dezakeen arren”, gaineratu du Araizek.

EH Bilduko parlamentariak adierazi duenez, “Plana aztertu ondoren, ondorio honetara iritsi gara: kasurik onenean, asmo onen katalogo edo bilduma ordenatua da”. Hala, nabarmendu duenez, “ez da berrikuntza esanguratsurik gertatzen”; izan ere, adierazi duenez, “nahikoa da aurreikusten diren neurrien gastuak aztertzea, bildutako zenbateko handienak (trantsizio digitala, inbertsiorako laguntzak, nekazaritzako elikagaien sektorea hobetzea, berrikuntza garatzea, energia berriztagarrien sektorea…) urte honetarako aurrekontuan aurreikusita zeudela ondorioztatzeko”.

Ildo horretatik, Araizen aburuz, “deigarria” da Enplegu Planean ekintza-neurri asko jasotzea, “baina ez dago horien gauzatzea neurtzeko adierazlerik”. “Are larriagoa dena, neurri bakoitzean edo atal globalagoetan ere ez dira ezarri lortu beharreko helburuak; beraz, badirudi betetze-maila urte bakoitzeko aurrekontuetan jasoko diren funtsak gauzatzen diren edo ez kontrolatzera mugatu nahi dela”, esan du EH Bilduko parlamentariak. “Ez dakigu zenbat lanpostu sortu nahi diren Plan honen bidez, zenbat murriztu nahi den langabezia, zenbatekoan erreferentzia egiten dion zigortutako sektoreei (emakumeei eta gazteei), zein ehunekotan murriztu nahi den ezbeharrak... Helbururik gabe, Planaren kontrola ez da existitzen eta gastuaren exekuzioaren kontrolera mugatzen da”, kritikatu du.

Era berean, EH Bilduren parlamantarioaren iritziz, “Plan honek ez die erantzuten langileak kezkatzen dituzten arazo garrantzitsuei: ez du neurri zehatzik jasotzen enpleguaren prekarietatea eta hori ahalbidetzen duen kontratazioaren gehiegizko erabilera errotik kentzeko, ez dago lan duina bermatzen duen neurririk, ez du jasotzen soldatei buruzko proposamenik, lanaldia murrizteari buruzkorik, azpikontratazioen subrogaziorako bermerik…”. “Azken batean, ez du enplegua eta lan-merkatua benetan eraldatzeko neurririk jasotzen”, esan du.

Halaber, Araizek nabarmendu du 4.4 ildo estrategikoan aurreikusitako gastuaren ia % 99, 1. Esku-hartze Arloa ‘Enpleguaren kalitatea’, zainketa-sektoreko enpresen lehiakortasuna hobetzeko neurrietara bideratuta dagoela, “zehaztasun gehiagorik gabe”. Hala, zalantzan jarri du: “Zertan gastatuko dira 116 milioi euro horiek? Enpresei baliabideak ematen, zainketa-zerbitzuak hobetzen lagundu gabe? Enpresa horietako langileek jasaten dituzten lan baldintza txarrak hobetzeko balioko dute?”. “Ez da ezer esaten horri buruz, eta beldur gara funts publikoak enpresa pribatuetara bideratzeko erabiliko ote diren, gizarte-kontraprestazio errealik gabe”, gaitzetsi du Araizek.

Gainera, EH Bilduko parlamentariak adierazi duenez, “aipamen berezia merezi dute, aurreko legegintzaldian bezala, Eztabaida Sozialerako Kontseilua ez den organo batean negoziatu ziren enplegu-politika aktiboek, nahiz eta Enplegu Planaren ardatz zehatz gisa sartu diren”. “Ikusteko dago Nafarroaren ahaleginak, Estatuko eta Europako funtsen gehiengoaren ekarpenaz gain, lortu nahi diren helburuak betetzeko balioko duen”, gaineratu du. “Iruditzen zaigu Nafar Lansarea benetako zerbitzu bihurtu beharko dela enplegurako, eta ez diru-laguntzak kudeatzeko leihatil soila. Enplegu-politika aktiboen artean oraindik ere badago benetako konponbiderik ematen ez zaion gai bat, alegia, zerbitzu publiko horrek langabezian dauden pertsonak (gazteak, emakumeak eta migratzaileak, batez ere) kontratatzeko aukera-berdintasuna benetakoa izan dadin eta inolako diskriminaziorik izan ez dadin eman behar lukeen bermea”, defendatu du Araizek.

Azkenik, Adolfo Araiz kritiko agertu da lurralde-ordezkariaren irudia berreskuratzearen aurrean. “Indarrean egon denean, ez du balio izan datuak hobetzeko, ez eta enpresek legeria eta laneko arriskuei aurrea hartzeko planak beteko dituztela bermatzeko ere”, gaitzetsi du parlamentariak. “Hain garrantzitsua den ardatz estrategiko batean gastu oso txikia aurreikusten da, 4.120.000 euro, eta horietatik ia %30, 1.210.000 euro, eraginkorra ez den figura hori finantzatzen gastatuko da”, kritikatu du. “Gutxienez, espero dugu Gobernuak lehia bidez gauzatzea gastu hori, eta ez planaren sinatzaileekin hitzarmenak eginez”.