“Erorien Monumentua eraldatzeko eta Maravillas Lamberto Interpretazio Zentroa sortzeko akordio politikoan” hartutako konpromisoarekin bat eginez, EH Bildu, PSN-PSOE eta Geroa Baiko talde parlamentarioek foru lege proposamen bat erregistratu dute gaur, osteguna, 33/2013 Foru Legea aldatzeko, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoa. “Aldaketa horren bidez, segurtasun juridikoa eta babesa emango diogu aldaketa horri, eta, aldi berean, herritarren aurrean hartutako konpromisoa beteko dugu”, azaldu du Laura Aznal EH Bilduko bozeramaileak.
Ekimenak onartua izateko behar diren botoak ditu, eta 33/2013 Foru Legeari xedapen gehigarri berri bat gehitzen dio, Erorien Monumentuko sinbologia faxistari lotutako elementuak eraistea eta eraikinean faxismoa salatzeko eta memoria demokratikoaren aldeko interpretazio zentroa sortzea ahalbidetuko duena. “Eskuin muturraren goranzko joeraren eta faxismo modu berrien aurrean, eraldaketa horrek Iruñea eta Nafarroa oroimen historikoan, demokraziaren defentsan eta giza eskubideetan aurrera egiten duten leku gisa kokatuko ditu”, azpimarratu du ezker subiranistak.
Zehazki, proposatutako xedapen gehigarriak zehazten du monumentuak “baita deshobiratzeen ondoren eta frankismo garaiko sinbologia gehiena ezabatu ondoren ere, altxamendu faxista eta ia 40 urtez jarraitu zion erregimen frankista goresteko propaganda totalitarioa” islatzen duela, eta horren gainean jardun behar da.
Horregatik, eraikinari lotutako erabilerak mugatzea proposatzen da, zehaztuz “gerran eta diktaduran gertatutako giza eskubideen urraketa larrien arrazoiak eta inguruabarrak ezagutzera emateko soilik erabili ahal izango direla, baita gizartea gogoeta egitera eta faxismo-modu berrien arriskuez ohartaraztera ere, demokraziarekin, aniztasunarekin eta justizia sozialarekin talka egiten baitute, bizikidetzari eta giza eskubideekiko errespetuari balioa emanez”. Era berean, testuak jasotzen duenez, “erregimen frankistaren garaipena goraipatzen duten eta kupularen barruko pinturak ezkutatzen dituzten zati sinbolikoak” kendu beharko dira.
Lege proposamena Nafarroako Parlamentuko Mahaian aurkeztu da, irakurketa bakarreko prozeduraren bidez eta urgentziaz tramitatzeko.