AKTUALITATEA


| 2021-05-18 18:03:00

EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioa “pozik” agertu da Auzitegi Konstituzionalak berriki eman duen epaiaren aurrean, Eskuin Muturreko Taldeek edo Funtzionario Publikoek eragindako Motibazio Politikoko Ekintzen Biktimak Aitortu eta Konpontzeko Foru Legea abalatu baitu. “Nafarroan biktima horien errekonozimendua eta erreparazioa bermatuko zituen lege bat izateko lehen saiakera egin zenetik 6 urte igaro ondoren, legea azkenean indarrean sartzea berri ona da”, adierazi du.

EH Bilduk ohar batean salatu duenez, "legea onartu zenean adierazi genuen bezala, Auzitegi Konstituzionalaren 2018ko epaiak mugatzen duen legea da; izan ere, horrek eragotzi egiten du indarkeria mota horren egia jakitea, gertakariak argitzea eta erantzukizunak zehaztea". Hala ere, "garrantzitsua da organo administratibo bat ezartzea, biktima horien giza eskubideen urraketari buruzko informazio guztia biltzeko eta haien aitortza eta erreparazioa ahalbidetzeko". Halaber, epaia "aurrerapausoa" dela uste du, lege horren onuradunek "bigarren mailako biktimak izateari utz diezaioten".

Ildo horretan, EH Bilduren esanetan, “Espainiako Estatuaren eskuindar erreakzionarioenek lege hau berriro atzera botatzeko egindako beste saiakera baten aurrean, kasu askotan Estatuko aparatuek sustatutako eta babestutako indarkeria bat dagoela ukatuz eta, beraz, biktima horien existentzia bera ere ukatuz, Foru Legeak, azkenean, berme nahikoa du biktima horien errekonozimendua eta erreparazioa onartzeko mekanismoak abian jartzeko”.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk Nafarroako Gobernuari eskatzen dio “Legean jasotako alderdi guztiak azkar garatzeko eta, hasteko, foru legeak IV. kapituluan aurreikusten duen Errekonozimentu eta Erreparaziorako Batzordea sortzeko”.

Era berean, talde parlamentarioak Nafarroako Gobernuko Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari Martin Zabalzaren agerraldia eskatu du, “epaiari buruz egiten duen balorazioa eta lege hori abian jartzeko eta biktimen eskubideak bermatzeko eman beharreko hurrengo urratsak azaltzeko”.