AKTUALITATEA


| 2024-02-08 17:01:00

EH Bildu “pozik” agertu da zuzenketa bidez egindako ekarpenekin, aurrekontuen aurreproiektuan sartutakoei gahietzen zaizkienak, EH Bilduren eta Nafarroako Gobernuaren artean bosgarren urtez jarraian lortutako aurrekontu-akordioan jasotzen den bezala, “legegintzaldi honetako lehen akordio handia dena”.

Alderdiak aurkeztutako zuzenketa partzialek 4,4 milioi eurotik gorako balio osoa dute, eta bat egiten dute aurreproiektuan dagoeneko sartu zituen hainbat milioiko ekarpenekin. Gainera, EH Bilduren esanetan, “horri gehitu behar zaizkio aurreko urteetako aurrekontu-akordioetan jasotako ekarpen eta partida garrantzitsuak, urtez urte hurrengo aurreproiektuetan finkatzen joan direnak”.

Hala, EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak 92 zuzenketa partzial erregistratu ditu 2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren Proiektuari. Ohar batean azaldu duenez, zuzenketa horietako 38 kontuak onartzea ahalbidetuko duten Parlamentuko beste talde batzuekin batera sinatu dira.

Laura Aznal taldearen bozeramaileak defendatu duen bezala, “bai aurkeztutako zuzenketa partzialak bai aurreproiektuan sartu genituenak Gobernuarekin lortu genuen aurrekontu-akordioaren barruan kokatzen dira”. “Akordio ona da. Legegintzaldi honetako lehen akordioa da, eta ziur gaude beste hainbat lortuko ditugula”, gaineratu du.

Aznalek nabarmendu duenez, “Gobernuari hainbat tresna ematen ari gara nafarren egungo beharrei erantzungo dieten politika publikoak egin ditzan”. “Nafarroako kontuak aberasten ari gara, lehentasun argi batean oinarrituta: pertsonak erdigunean jartzea”, azpimarratu du.

Ildo horretatik, zerbitzu publikoak indartzeko eta zabaltzeko egindako ekarpenak nabarmendu ditu EH Bilduk. Gizarte-zerbitzuei dagokienez, aurreproiektuan sartutako proposamenen eta zuzenketa partzialen batura 3,5 milioi euro ingurukoa da. “Proposamenak, funtsean, zaintzaren esparrura zuzenduta daude, sistema publiko komunitario bat bultzatzeko”. Besteak beste, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzurako eta eguneko zentroetarako zuzenketak daude.

Osasunaren arloan, etxerik gabeko pertsonen osasun mentalari buruzko programa pilotu bat abian jartzeko partida bat eta Tuterako Ospitalerako osasun ekipamendurako beste partida bat (100.000 euro) azpimarratu ditu alderdiak.

EH Bilduk adierazi duenez, lurralde-kohesioa da taldearen lehentasunezko beste ardatz bat. Hala, aurreproiektuan gehitutako ia milioi erdi euroari 1,67 milioi gehitu zaizkio zuzenketa partzialetan. Uholdeen aurrean azpiegiturak egokitzeko (189.000 euro) eta Antsoainen berdegune iragazkor berriak sortzeko partida (100.000 euro) nabarmentzen dira.

Ildo horretatik, alderdi subiranistak despopulazioaren aurkako borrokarekiko bere konpromisoa azpimarratu du. “Ezinbestekoa da udalerrien eta lurraldeko eskualde desberdinen arteko ekitatea bilatuko duten baliabideak gaitzea, Nafarroa osoan gizarte- eta lurralde-kohesioa lortzeko”. Horrela, EH Bilduk Nafarroa osoko udalei zuzendutako hainbat zuzenketa erregistratu ditu: Mendigorria, Bera, Imotz, Antsoain, Sartaguda, Cabredo, Agoitz, Iruñea, Irurtzun, Baztan, Korella, Tutera, Caparroso, Berriozar, Leitza, Uharte-Arakil, Abaurregaina, Viana, Doneztebe, Lekunberri, Etxalar, Urdiain, Basaburua, Burlata, Larraga, Ezkarotz, Ultzama, Zangoza, Etxauri, Arbizu, Berriobeiti

Era berean, trantsizio energetikoa da EH Bilduren beste ardatz nagusietako bat. Aurreproiektuan jasotako 2,75 milioi euroei (1,5 milioi nabarmentzen dira tokiko energia-komunitateak sortzeko partida handitzeko) 361.000 euro gehituko zaizkie bereziki udal-eraikinak desfosiltzeko bideratutako zuzenketetan (200.000 eurotik gora).

Hizkuntza-eskubideei dagokienez, helduak euskaraz alfabetatzeko ekarpena aurreproiektuan 2,4 milioiraino igo zela gogorarazi du EH Bilduk, bai eta euskarazko komunikabideentzako laguntzak ere. Zuzenketa partzialetan, UEMArekin eta Eusko Ikaskuntzarekin egindako hitzarmenak nabarmentzen dira.

Azkenik, EH Bilduk balioan jarri du hezkuntzaren alorrean Aurreproiektuan sartu zituen ia bi milioiak, bereziki 0-3 zikloari zuzendutakoak.

EH Bildu “ziur” dago zuzenketa horiek guztiak eta aurrekontuak babestuko dituzten gainerako taldeenak onartzeak “funtsezko hobekuntza” ekarriko duela Aurrekontuetan, “Nafarroako herritarren eskubideak, zerbitzu publikoen eta gizarte-sektoreen egungo beharrei erantzute aldera”. Halaber, EH Bilduren esanetan, “adi jarraituko dugu onartutako partidak eta foru Gobernuak hartutako konpromisoen betetze eta gauzatzea”.