AKTUALITATEA


| 2020-05-20 13:34:00

EH Bildu Nafarroa Talde Parlamentarioak bi zuzenketa aurkeztu ditu zeinen bidez Nafarroako Gobernua premiatzen duen "kultur talka-plan bat ezartzera sektorearen krisi larriari aurre egiteko”. Koalizio soberanistak adierazi duenez, "Nafarroako Gobernuak iragarritako neurrietatik haratago, maiatzaren 5eko Estatuko Gobernuaren Errege Dekretuan aurreikusitako neurrien kopia mimetikoa baino ez direnak, Nafarroak Talka Plan bat behar du, COVID-19 krisiak kulturaren arloan eragin dituen ondorio larriak arintzeko neurri zehatzak jasoko dituena".

Talka Planaren barruan jasotako neurrien artean, EH Bilduk "oinarrizko estaldura ekonomikoa" proposatzen du "jarduera artistikoari dedikazio esklusiboa eskaini arren, langabezia-prestazioa jasotzeko Gizarte Segurantzaren Lege Orokorra aldatzeko ezohiko neurrian eta autonomoen sektoreari zuzendutako laguntzetan sartu ezin diren artista eta profesionalentzat".

Era berean, "Sektore Publikoak Nafarroako hainbat artista eta talderen kontzertuak eta emanaldi eszenikoak eskuratzea planteatzen da, etorkizunean egiteko, egungo mugak gainditzen direnean". Plan horren beste puntu batek "kultura propioari eta euskarazko ekoizpenei laguntzeko neurri espezifikoak" proposatzen ditu, baita "kultur ekimenei eta sustapen pribatuko jaialdiei zuzendutako" beste neurri batzuk ere. Ildo beretik, "Nafarroako sektore publikoaren aparteko hornidura Nafarroako arte garaikidea eskuratzeko", eta, azkenik, "Kultur Bonuen formulak kultur kontsumoa sustatzeko".

Zuzenketak PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztutako mozioari zuzenduta daude, kulturako lanbideei buruzko lege-proiektu bat bultzatzea helburu duenari, alegia, eta bihar, osteguna, Nafarroako Parlamentuan egingo den osoko bilkuran eztabaidatuko dena. Zentzu horretan, EH Bilduk "Nafarroako Gobernuari mezu argi bat bidaltzeko beharra" azaldu du, "pertsona askoren premiazko beharrei erantzuteko". "Premiazko beharrizanen aurrean ekintzarik ez egiteak Nafarroako jarduera eta proiektu artistiko eta kulturalak behin betiko desagertzea ekar dezakeela jakin behar dugu", azpimarratu du koalizio soberanistak.

EH Bilduk azpimarratu duenez, "sektorearen zati handi baten jarduna jendetza biltzen den eta distantzia sozialari eusteko diseinatuta ez dauden espazioetan oinarritzen delarik, krisi honekin ikusi dute programazio guztia desagertu egin dela eta ez dutela inolako ziurtasunik noiz eta zein baldintzatan berrekin ahal izango dioten jarduerari".

Horregatik guztiagatik, eta "artistaren estatusak bere jarduera garatu behar izan duen egoera historiko bidegabea zuzentzeko berehalako hausnarketa eskatzen duenez", EH Bilduren ustez, "lehentasunezkoa da sektore kulturala artatzea eta bere egoera delikatua arintzeko neurriak martxan jartzea".