AKTUALITATEA


| 2025-09-12 12:13:00

EH Bilduren ustez “albiste ona” da 2026ko aurrekontuetarako gastu-sabaia handitzea. Hala, Laura Aznal alderdiko bozeramaileak adierazi duenez, igoera horrek “zerbitzu publikoak indartuko dituzten aurrekontuak egiteko eta Nafarroako herritarren bizi-baldintzak hobetzeko balio behar du”. “Azken urteetan baino hazkunde handiagoa iragarri du Gobernuak, eta horrek gure sistema publikoa sendotzen lagundu behar du, gero eta handiagoa den gizarte-desberdintasunaren aurrean”, adierazi du.

Hala ere, Aznal zuhurtziaz mintzatu da, izan ere, “oraindik ez dakigu gastu horrek departamentuetan izango duen banaketa, eta horrek, zalantzarik gabe, Gobernuaren lehentasunak markatuko ditu”.

Diru-bilketari dagokionez, fiskalitatea “bere osotasunean” jorratzeko beharra azpimarratu du Aznalek. “Argi dago ekarpen handiena egiten duten zergak oraindik ere lanaren errentetan oinarrituta daudela; beste zerga-figura batzuk, hala nola sozietateen gaineko zerga, enpresen irabazietan oinarritua, diru-bilketa osoaren ehuneko txiki bat izaten jarraitzen dute”. Aznalek azaldu duenez, Fiskalitate Mahaian ari dira lanean, Gobernua osatzen duten taldeekin batera. “Jarrerak hurbiltzea eta fiskalitate justuago batean aurrera egitea ahalbidetuko duen elkargunea lortzea espero dugu”.

Hala, EH Bilduko bozeramaileak “prestutasuna” agertu du beste urte batez foru Exekutiboarekin negoziatzeko, “Nafarroarako aurrekontu onak lortzeko akordio bat lortzeko helburuarekin, ongizate estatuaren hobekuntzan aurrera egin dezaten”. “Hala helarazi diogu Gobernuari”, adierazi du.