AKTUALITATEA


| 2025-01-31 10:19:00

EH Bilduk Nafarroako alkateak bildu ditu, gaur goizean, datozen urteetarako lan ildo nagusiak aztertzeko. Udaberrian legealdiaren erdia iritsiko da, eta, testuinguru horretan, ezker subiranistak udaletatik egiten duen lanari bultzada berri bat emateko abagunea izango den III. Kongresua egiten ari da EH Bildu.

Ezker subiranista da Nafarroako lehen indar munizipalista; 42 udal gobernatzen ditu, Iruñea buru dela; eta horietan guztietan gobernantza eredu zabalak bultzatzen ari da: “Udalarekiko ditugun lehentasunak argiak dira: gobernantza kooperatiboko eredu bat, gainerako indar aurrerakoiekin eta jendearekin, trantsizio ekosoziala eta energetikoa, kultura eta euskara, zaintza eta etxebizitzaren krisiari erantzuna ematea, etxebizitza eskubidea bermatuz”, azaldu du hedabideen aurrean Miren Zabaleta EH Bilduko Nafarroako koordinatzaileak.

“Gaurkoa bezalako topaketak oso aberasgarriak dira jendearen kezkei irtenbideak bilatzeko indarrak batzeko”, adierazi du. Etxebizitzaren arloan, zeina EH Bilduk lehentasunezkotzat jotzen duen, Nafarroa osorako neurriak lantzen ari dira maila instituzional guztietan eta, bereziki, udaletan: “Adibideak asko dira: Iruñeko Etxebizitza Plana, pisu turistikoen mugak, etxebizitza kooperatibo eta kolaboratiboen sustapena, Etxebizitza Hutsen Errolda berraktibatzeko eskaera eta Nafarroa osorako proposatutako Alokairu Sozialaren Poltsan egindako doikuntzak...”. Zabaletak ziurtatu du “eskuz esku” lan egingo dutela merkatu eremu tentsionatuak izendatu ondoren etorriko diren kudeaketa planetan.

III. Kongresua

Mugimendu independentistak III. Kongresuaren amaieraIruñeko Baluarten ospatuko du, datorren otsailaren 7an eta 8an. “Gure proiektu politikoa Nafarroa Burujabe bat da Euskal Herria libre batean. Horregatik bukatuko dugu Iruñean”, azaldu du Zabaletak, EH Bilduren komunitateari bertaratzeko deia egin ondoren.