AKTUALITATEA


| 2025-05-13 11:50:00

Nafarroako Parlamentuak mozio bat onartu du astearte honetan, eta bertan eskatzen da adingabeen bizileku-harrerako sistema indartzeko bide-orri bat zehaztea, inplikatutako hainbat eragile instituzionalen eta sistemako langileen kolektiboaren parte-hartzearekin.

EH Bildu talde parlamentarioak bultzatu du ekimena, eta taldeko Eskubide Sozialen Batzordeko bozeramaile Jabier Arzak defendatu du talka plan bat egiteko eta bide-orri argi bat definitzeko premia larria dagoela, biztanleria horren bolumenean eta beharretan ematen ari diren aldaketei modu egokian erantzuteko.

Arzak bere defentsa txandan nabarmendu duenez, profesionalek bizileku-harreraren sistema tentsionatuta dagoela salatzen dute, eta hala adierazten dute Eskubide Sozialen Departamentuaren beraren datuek ere: 2024. urtean % 21 haur eta nerabe gehiago hartu ziren. Sistema oso tentsionatuta dago, ez bakarrik artatutako biztanleriaren hazkunde horregatik, baizik eta jada ahulezia garrantzitsuak zituelako, nabarmendu du. Gainera, urte honetarako aurreikuspena da are gehiago handitzea, Kanarietan eta Ceutan dauden eta familiaren laguntzarik ez duten adingabeei arreta emateko dugun konpromisoa, betebehar etikoa, bete behar baitugu, gaineratu du.

Ildo horretan, Arzak bere kezka azaldu du, martxan jartzen ari diren neurriak ez direlako nahikoak eta ez direlako behar den abiadura eta intentsitate berarekin aplikatzen. Horregatik, pozten gara gure mozioa aurrera atera delako, eta espero dugu Eskubide Sozialen Departamentuak lehenbailehen zehaztu eta gauzatuko duela bide-orri eraginkor bat, adingabeak bizilekuan hartzeko sistema modu nabarmenean indartuko duena.