EH Bilduk 94 zuzenketa aurkeztu dizkie Aurrekontuei “gizarte- eta lurralde-kohesioan aurrera egiteko”


| 2022-11-22 12:52:00

Alderdi politikoa “pozik” agertu da zuzenketa bidez egindako ekarpenekin; ekarpen horiek bat egiten dute Aurrekontuen Aurreproiektuan sartutakoekin, EH Bilduren eta Nafarroako Gobernuaren artean laugarren urtez jarraian lortutako aurrekontu-akordioan jasotzen den bezala.

Aurkeztutako zuzenketa partzialek 3.400.000 euro baino gehiagoko balioa dute guztira, eta horiei gehitu behar zaizkie “hainbat ekarpen eta inbertsio-proposamenetarako” Aurrekontuen Aurreproiektuan sartu ziren 15 milioi euroak. Horien artean, nabarmentzekoak dira Osasun Departamentuari zuzendutako ia 5 milioi euroak, Lehen Mailako Arreta (Osasun Mentala barne) eta arreta espezializatua indartzeko.

Hala, EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak 94 zuzenketa partzial egin dizkio 2023rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren Proiektuari. Ohar batean azaldu duenez, zuzenketa batzuk aurrekontuak ahalbidetuko dituzten beste talde parlamentario batzuekin batera sinatu dituzte.

Ilde horretan, EH Bilduren zuzenketa partzialak bat datoz Foru Gobernuarekin erdietsitako aurrekontu-akordioa iragarri ondorengo prentsaurrekoan alderdiak jakinarazi zituen lehentasunekin. Proposamenen helburua da “zerbitzu publikoak, zaintza-sistema eta sektore ahulenentzako arreta hobetzea. Azken finean, kohesio soziala eta lurralde-ekitatea sustatzea”.

Lehenik eta behin, Osasun Departamentuari dagokionez, langileak kontratatzeko aurreproiektuan jasotako ia 5 milioiei zuzenketak gehitu zaizkie, besteak beste, ZIU pediatriko berriaren obra-proiektua idazteko, Haur eta Gazteen Ospitalizazio Psikiatrikoko Unitaterako langileen kontratazioa indartzeko eta toki-erakundeen zahartze aktiboko programetarako.

Hezkuntza-arloari dagokionez, beste talde batzuekin erregistratutako partida bat nabarmendu du EH BIlduk, San Frantziskoko Eskola Publikoan erreforma eta inbertsioak egiteko; beste bat, Tuterako Kontserbatorioarekin egindako hitzarmenaren finantzaketa handitzeko, eta, hala, plazak handitzeko, eta adikzioen prebentzioarekin edo eskola-jantokietan ekitatearekin lotutako beste batzuk bultzatzeko.

Eskubide Sozialetan eta Migrazio Politiketan, talde parlamentarioak zuzenketa ugari aurkeztu ditu, “batik bat, elkarte-mugimendua bultzatzeko eta indartzeko, bai eta hainbat arlotan egoera ahulean dauden kolektibo eta pertsonei laguntzeko ere”. Aipagarriak dira Kabia proiekturako zuzenketak, Lantxotegi Elkartearekin, Aspacerekin, Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren aurkako Nafarroako Sarearekin, Elkarte izeneko Elkartearekin, gazte migratzaileen enplegua sustatzeko, eta gizarteratze-enpresekin egindako hitzarmenak. Horiek guztiek bat egiten dute aurreproiektuan zaintzaren arloan jasotako ekarpenekin, 3 milioi baino gehiagoko balioarekin.

Era berean, hizkuntza-eskubideen arloan, eta aurreproiektuan egindako ekarpenekin bat etorriz, hedabideei, gizarte-erakundeei eta euskararen erabilera sustatzeko proiektuei dagozkien partidak handitzen jarraitu izan dute.

Azkenik, EH Bilduren zuzenketa gehienek despopulazioaren aurka borrokatzea eta lurralde-kohesioa sustatzea dute helburu. “Funtsean, azpiegituretan eta instalazioak egokitzeko inbertsioak dira, Nafarroa osoko hainbat herritan: Cortes, Esteribar, Ultzama, Viana, Tafalla, Barañain, Baztan, Lesaka, Abaurregaina, Zangoza, Etxauri, Bakaiku, Erriberri, Artieda, Cascante, Fitero…”. Beste neurri batzuk, “lurralde-berdintasuna bultzatzeko eta Pirinioetako ikastetxeak mantentzeko edo landa-garapeneko proiektuak sustatzeko zailtasunak konpontzeko”. Ekarpen horiek guztiak proiektuan bertan aldez aurretik jasota dauden ekarpenei gehitzen zaizkie, landa-eremuetan etxebizitza kolaboratiboak, etxebizitza sozialak edo Deierrin biomasa-instalazio bat sustatzeko.

Hala, EH Bilduk berretsi egin du bai proiektuan sartutako partidek bai aurkeztutako zuzenketek “eragina izanen dute Aurrekontu Proiektuaren hobekuntzan eta, beraz, zerbitzu publikoak eta gizarte- eta lurralde-kohesioa sendotzean”.