AKTUALITATEA


| 2024-11-06 11:47:00

EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioaren bozeramaile Laura Aznalek eta parlamentari Txomin Gonzálezek bilerak egin diuzte hainbat sindikaturekin, osasungintzari buruzko foru lege berriaren zirriborroa aztertzeko. Azken egunetan LAB, ELA, UGT, SATSE eta Medikuen Sindikatuko ordezkariekin bildu dira, eta aste honetan bertan CCOOrekin egongo dira. Bileretan osasun-arloko profesionalen esperientziatik eta ezagutzatik sortutako kezkak eta proposamenak bertatik bertara partekatu eta eztabaidatu ahal izan dituzte.

Laura Aznalek sindikatuen iritziak kontuan hartzearen garrantzia azpimarratu du, "beren ekarpenak funtsezkoak dira hasitako azterketa-prozesu honetarako eta lege berriak osasun-sektorearen benetako beharrei erantzungo diela ziurtatzeko". "Sindikatuekiko lankidetza oinarrizkoa da arau-esparru bat sortzeko, lan-baldintzak duindu eta hobetuko dituena ez ezik, herritar guztientzako kalitatezko arreta ere bermatuko duena", baieztatu du bozeramaileak.

Alderdi politikoak ohar batean nabarmendu duen bezala, lege honen berritasun garrantzitsuenetako bat Nafarroako osasun-mapa berria antolatzea da, Osasun Eremu Bakarrak osatuko lukeena, baita langileen funtzionario-izaera desagertzea ere. "Aldaketak profesionalen baldintzetan nola eragin dezakeen aztertu nahi dugu, eta irizpide bateratuak eta langile-falta ordezkatu nahi duen mugikortasun diskrezionala ezartzea ekar dezakeen", zehaztu du Aznalek.

Horrela, ezker subiranistak honako konpromisoa berretsi du: "legearen zirriborroaren inguruan proposamen eraikitzaileak aurkezteko lanean jarraitzea, legea tresna erabilgarria izan dadin osasunaren arloko profesionalentzat eta herritarrentzat oro har".