AKTUALITATEA


| 2025-02-12 13:28:00

EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioa José Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariarekin bildu da gaur eguerdian, gauza daitezkeen aldaketa fiskalen eta zerga neurrien inguruan negoziazio esparru bat ezartzeko Nafarroako Gobernuarekin.

EH Bilduren aldetik alderdiaren bozeramaile Laura Aznalek eta Adolfo Araiz parlamentarioak hartu dute parte bileran, eta kontseilariari helarazi diote zein ardatzen inguruan planteatzen duten negoziazioa.

Era berean, ohar batean jakitera eman dutenez, Aznalek adierazi du EH Bildutik Gobernua osatzen duten taldeek burututako azken fiskalitate-mahaian planteatu zutenaren edukia ezagutu nahi dutela, xehetasunez aztertu ahal izateko eta horren inguruan dugun jarrera finkatzeko.

Ildo horretan, Aznalek defendatu duenez, EH Bildun uste dugu aldaketa fiskal potentzialak ez direla errenta ertain eta baxuen tributaziora mugatu behar, fiskalitatea zerga desberdinetan gauzatzen da eta horiei buruz eztabaidatu nahi dugu: PFEZ, ondarea, sozietateak eta fiskalitate berdea. Halaber, iruzur fiskalaren aurkako neurriak ere oso garrantzitsuak dira, eta Gobernuarekin jorratu nahi ditugu, gaineratu du.

EH Bilduk jakinarazi duenez, eztabaidarako gune formala egituratu ahala, gure talde parlamentarioak zerga-figura desberdinei buruz proposatuko dituen neurri zehatzak planteatzen joango gara. Hala, foru Gobernuarekin zerga arloan dauden ezberdintasunak kontuan hartuta, fiskalitate justuago bat lortzeko pausoak ematen jarraitzea ahalbidetuko duen negoziazio bati ekitea espero dugu.