AKTUALITATEA


| 2020-08-17 13:39:00

EH BILDU-Nafarroa Talde parlamentarioak zuzenketa bat aurkeztuko dio Nafarroako Parlamentuan laster eztabaidatuko den Normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren koronabirusaren osasun-krisiari aurre egiteko ezohiko prebentzio-neurriak onartzen dituen Foru Lege Proiektuari. Zuzenketa horren bidez, foru lege hori onartzen denetik astebeteko epean gehienez ere, Nafarroako Gobernuak foru agindu bidez COVID-19 Hezkuntza Foroa eratzea proposatuko du.

 

Foro horretan, Hezkuntza eta Osasun Departamentuak eta hezkuntza-komunitateko eragile guztiek ordezkaritza izango dute. Gune horrek, alderdi politikoaren arabera, "ziurgabetasunez beteriko ikasturteari aurre egiteko funtsezko tresna izan behar du, inoiz baino garrantzitsuagoa baita hezkuntza-komunitate osoak ikuspegi bera izatea, eta Nafarroako Gobernuari dagokio elkarrizketan eta akordioan aurrera egitea ahalbidetuko duen topagunea sustatzea".
 

EH Bildu-Nafarroak kezkaz ikusi du nola Nafarroako irakaskuntzan ordezkaritza duten sindikatu guztiek adierazi duten 20-21 ikasturtearen hasierarako Nafarroako Gobernuak aurkeztutako prebentzio eta antolaketa protokoloak ez diola erantzun nahikoa eta egokia ematen ikasgeletara modu seguru eta eraginkorrean itzultzeko erronkari, eta ziurtatu du protokolo hori ez dela adostu eta ez direla kontuan hartu hezkuntza komunitateko eragileen ekarpenak.
 

Horrexegatik, proposamen honen bidez sortuko litzatekeen foroak, taldeak azaldu duenez, "Hezkuntza-foroari hainbat funtzio esleituko lizkioke, hala nola egoera epidemiologikoa aztertzea ikasgeletara itzultzeari dagokionez, 2020-2021 ikasturtearen hasierarako protokoloa berrikustea eta egokitzea, eta osasun, antolaketa, pedagogia eta afektibo-emozio ikuspegitik beharrezkoak diren neurriak adostea, aurrez aurreko ikasturteari ekiteko behar diren baliabide materialak eta kontratazioak aurreikusiz eta segurtasuna eta ratioak jaistea lehenetsiz. Horrez gain, foro horrek osasun-egoeraren eta hezkuntza-egoeraren aldizkako jarraipena egingo luke ikasturte osoan, eta giza baliabideen eta baliabide materialen arloko beharrak aztertuko lituzke, segurtasuna, hezkuntza-kalitatea, aniztasunaren arreta eta ekitatea bermatzeko”.
 

Alderdi politikoak gogorarazi du, halaber, Nafarroa Suspertu Planean sartzeko proposamenen eztabaida parlamentarioan aho batez onartu zela EH Bilduk proposatutako ebazpen bat, non Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion irailean izan zitekeen egoera epidemiologikoan oinarrituta hartu beharreko neurriak Nafarroako hezkuntza-komunitatearekin adosteko eta gure errealitateari erantzungo zion kontingentzia-plan bat egiteko. Ebazpenak, gainera, kontingentzia-planak izan beharko lituzkeen hainbat ezaugarri biltzen zituen, hala nola, ratioen jaitsieraren aurreko kontratazioaren aurreikuspena.
Taldearen arabera, "Hezkuntza Departamentuak modu proaktiboan entzun behar du ikastetxeetan bizi den errealitatea, eta haien ekarpenak jaso behar ditu, ikastetxeko ikasle guztien segurtasuna eta hezkuntza- eta emozio-beharrak erdigunean jartzeko. Horretarako, beharrezko baliabide guztiak erabili behar ditu, eta pandemia- eta konfinamendu-egoerek eragindako zailtasunei buruzko irakaspenak atera dituela ikusarazi".