EH Bilduren oinarriek berretsi egin dute EH Bilduk PSNrekin eta Geroa Bairekin adostutako Erorien Monumentua eraldatzeko eta faxismoaren aurkako Maravillas Lamberto interpretazio zentroa sortzea ahalbidetuko duen akordio politikoa. Duen balio politikoa eta sinbolikoa aintzat hartuta, EH Bilduren Nafarroako Mahai Politikoak erabakia hori bilkideei aurkeztea erabaki zuen. Astearte arratsaldean bertan egin zen oinarriarekin batzar delegatua, eta bertan azaldu ziren akordioa egitearen arrazoiak eta negoziazioa nolakoa izan den.
Hortik aurrera, ezker subiranistaren zuzendaritza politikoaren erabakiaren inguruan bozkatu ahal izan dute bilkideek. Gaur eguediko 12:00etan itxi da botazioa. Nafarroako bilkideek zuten botoa emateko aukera eta horietatik %82,62ak akordioak proposatzen duen prozesua babestu du; hau da, Erorien monumentu deitutakoaren eraldaketa eta Maravillas Lamberto interpretazio zentroa sortzeko bidea ireki duen akordio politikoaren alde egin dute; %13,95k kontra bozkatu du eta %3,43k zuriz bozkatu du.
Erorien eraikina eraldatzeko eta faxismoaren salaketarako eta memoria demokratikoaren lanketarako Maravillas Lamberto interpretazio zentroa sortzeko akordio politikoa urrats ausarta dela azpimarratu du EH Bilduk, eraikinaren inguruko arazoa aukera historiko bilakatzen duelako: "Behingoz irtenbide bideragarria ematea da, ez bakarrik aurreko mendeko frankismoa eta faxismoa salatzeko, baita gaur egun gure gizartearen mehatxu nagusia diren joera autoritarioak salatzeko ere”.