AKTUALITATEA


| 2019-11-02 15:20:00

Azken asteotan Estatu osoan, baina batez ere Euskal Herrian eta Katalunian, eskubide murrizketei erantzunez izandako mobilizazioen ondoren, bada garaia, botoaren bidez, erantzun demokratikoko mugimendu bat sortzeko, Estatua egiten ari den bidegabekeriak geldiarazteko balioko duena. Hori izan da Bel Pozueta EH Bilduren Nafarroako Kongresurako hautagaiak gaur eguerdian Otsagabian egin duen ekitaldian emandako argudio nagusietako bat. Pozuetak aldarrikatu duenez, "orain haserre hori boto bihurtzeko aukera ezinhobea dugu aurrean. Hauteskunde hauek aukera bat dira Estatutik datozen bidegabekeriei erantzuteko".

 

Testuinguru horretan, EH Bilduren hautagaiak dei egin die bertaratutakoei hautetsontziak justizia defendatzeko botoekin betetzera, murrizketei aurre egiteko botoekin, Madrilen Nafarroari ahotsa emango dioten botoekin, EH Bilduren botoekin. "Bidegabekeriei erantzuteko tresna gisa uler ditzagun hauteskunde hauek. EH Bilduri emandako botoa justiziazko botoa da bidegabekerien aurrean, askatasunarena inoiz gertatu behar ez zuten kartzela zigorren aurrean, demokraziarena inboluzioaren aurrean, duintasunarena eskubide sozial eta ekonomikoen murrizketaren aurrean", ziurtatu du Pozuetak.