AKTUALITATEA


| 2023-12-10 19:17:00

Haurdunentzako arreta-zerbitzuaren itxieraren inguruan sortutako zalaparta eta kezka guztiaren harira, Lizarrako alkateak, Marta Ruiz de Aldak, abenduaren 7an egindako osoko bilkuran, Ospitaleko gerentzia berriari eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari, deitu ez izana onartu zuen.

Abendua aurrekontuen hilabetea izan ohi da Nafarroako udalerrietan. Hortik urrun, Lizarran ez ditugu espero ez Olentzerorentzat, ezta Errege Magoentzat ere, beraz, abenduko osoko bilkurak osasungintzaren inguruan jardun zuen, erditzeen "koiunturazko" lekualdaketaren albistea protagonista izanik. Albistea zabaltzearekin batera, UPNk bere artilleria guztia atera zuen prentsa ohar batekin, eta ondoren, osoko bilkuran, mozio alderdikoi baten bitartez, UPN osasun publikoaren eta gizarte-mobilizazioaren aktibatzaile bezala saldu nahi izan zuen bere burua. Hamaika ikusteko jaioak gara...

Ruiz de Alda andreak denbora gutxi behar izan zuen baina bere kudeaketa-gaitasuna agerian uzteko, Euskal Herria Bilduk galdetuta, larrialdiaren inguruan azalpenak eskatzeko ospitaleko gerentzia berria edo Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentua, deitu ez izana onartu baitzuen.

Zer espero dezakegu erantzukizun-postu hori betetzen duen pertsona batengandik, Lizarrako Osasun Barrutiko arduradunei telefonoz deitzeko gai ere ez bada?

Jarrera honi kontrajarriz, EH Bildu Lizarra hauxe egiten saiatu zen: adierazpen unitario bat adostea, gure ustez, horrelako mehatxuen aurrean, garrantzitsuena gure bizilagunen zerbitzu publikoak defendatzeko, talde guztien adostasuna bait da. Zorionez, haurdun dauden emakumeek proposatutako mozioa aho-batez aurrera atera zen, UPNk eta PSN-Geroa Baik aurkeztu zituzten mozioek lortu ez zutena (aho-bakartasunaren bila EHBilduk berea mahai gainean utzi zuen).

Aldi berean, osteguneko osoko bilkuran erakutsi genuen bezala, kritikoak ere bagara eta azken urteetan, Osasun departamentuaren oniritziarekin, gerentziatik egin den kudeaketa eta aurreikuspen falta salatu genituen, batez ere giza errekurtsoei dagokionez.

Hau guztia dela eta, oso garrantzitsua iruditzen zaigu dagoeneko lantzen hastea osoko bilkuran aho-batez onartu genuena: erditzeak berehala berrezartzea; Garcia Orcoyen Ospitalerako beharrezkoak diren baliabideak bermatzeka eta handitzea; eta Lizarrako Osasun Barrutiaren beharrei aurre egiteko lan-mahai bat osatzea.

Azkenik, EH Bilduk, zerbitzuaren “aldi baterako” lekualdaketarengatik kaltetutako pertsona guztiei gure babesa helarazi nahi die.

Eta "aldi baterako" lekualdatze hori deuseztatzeko eta behin betiko bihurtzea saihesteko, berebiziko garrantzia du Lizarrako Udalak irmotasun eta lidergo jarrera bateratua har dezan gure eskualdeko ospitalearen defentsan. Horretarako baina, ezinbestekoa da kudeatzeko gaitasuna eta lidergoa erakustea. Azken finean, bilerak, deiak eta erantzunak, Ruiz de Alda andrea, eta ez mozio alderdikoiak eta galeriari begirako keinuak.

Lizarrako Euskal Herria Bildu

2023/12/08