EH Bilduk prentsa-ohar bat argitaratu du, 2024ko uztailaren 31ko autoaren aurkako apelazio-errekurtsoa partzialki onartu dela jakinarazteko. Horren arabera, 2023ko herriko jaietako suzirian gertatutakoak ez dira agintaritzaren aurkako atentatu edo erresistentzia delitu, eta, beraz, behin betiko artxibatu da zinegotziaren aurkako prozedura.
EH Bildu Lizarra pozik agertu da eta helegitearen baiespen partziala irmoa dela azpimarratu du. Zentzu horretan, udal taldeak Eli Ciordiaren lana goraipatu du eta honako adierazi du: "egungo gobernu taldearen paralisi eta ezintasun egoeraren aurrean, garrantzitsua da gure zinegotziek euren lana kanpoko baldintzarik gabe egin ahal izatea. Hiriak erronka garrantzitsuak ditu eta gure zinegotziek konpromisoa betetzen eta herritarren kezkei erantzuteko lanean jarraituko dute".
Azkenik, koalizio abertzaleak gogorarazi du azken hilabeteetan hogeita hamar herritarrek baino gehiagok, baita beste hautetsi batzuek ere, UPNren eredu baztertzaile eta autoritarioaren ondorioak pairatu dituztela edo pairatzen ari direla. Koalizio subiranistak elkartasuna adierazi die eta, "judizializazioaren eta kriminalizazioaren aurrean, elkarrizketaren alde egin dute, desadostasunak konpontzeko bide gisa".