AKTUALITATEA


| 2023-12-15 12:31:00

Ekainaren 17an UPN alkatetzara gutxiengoan ailegatu zenean abisatu genuen hiriak oso zail izango zuela aurrera egitea, lehenik gutxiengo horrexegatik, eta bigarrenik, gobernu talde horretan lanerako gabezia ugari sumatzen genituelako.

Joan den ekainaren 17an Ruiz de Alda andrea alkate karguaz jabetu zenetik, hiri honek gutxiengoan zegoen eta kudeaketa-gaitasunean hutsune handiak antzeman genizkion gobernu-talde batekin zituen arriskuen berri eman genuen. Sei hilabete geroago, UPN hiri hau aurrera ateratzeko gai ez dela baieztatu da, hiri proiekturik ez duelako, aurreko udal gobernuek egindakoa suntsitzen saiatzeaz gain.

Lizarrak behar asko ditu, baina guztien artean nagusiak bere biztanleriaren zaintza eta babes soziala izan beharko lirateke, batez ere baliabide gutxien dituztenena. Premisa horrekin egin genuen lan aurreko legealdian, eta hor ari da UPN mozten gehien.

Brinka! ikastetxeetan bertan garatzen zen jarduera fisikora hurbiltzeko eredu bat sustatzen zuen udal eskola bat zen, oso prezio eskuragarriarekin, batez ere familia ugarientzat eta errenta bermatua jasotzen zutenentzat. UPNk bertan behera utzi du.

Bereziki larria da euskaldunontzat zerbitzu honen galera, udalak eskainita, euskaraz garatu zitekeen bakarra zelako, D ereduko ikastetxeetan bertan burutzen zelarik. Gogora dezagun  ere Nafarroako Gobernuak, Kirolaren Institutuaren bitartez, programa hau saritu zuela iaz eta eredu bezala jarri zuela haurrekin kirola eta ohitura osasuntsuak sustatzen zituelako.  

Aurreko legegintzaldian abian jarritako beste zerbitzu bat etxebizitzaren arloko aholkularitzarena izan zen. Hain eskatua izan den zerbitzu hau, alokairu, hipoteka eta abarrekin zalantzak edo arazoak zituzten bizilagunei zuzenduta zegoen. UPNk, berriz, bertan behera utzi du.

Berdintasun-teknikariaren lanpostua ere bertan behera utzi zuten hilabete batzuetan.

Eta gainera postu horretan ordezkapenak egiteko atera zuten deialdian ez zuten euskara meritu gisa eskatu. Ezaguna da UPNren euskararen kontrako jarrera, izan ere, ez dute behin ere Euskararen Batzordea deitu, ordenantzak agintzen duen arren.

UPNk bertan behera utzi duen beste postu bat eskola sustatzailearena da, eskola edo familia esparruan arazo gehien zituzten ikasleei ikastetxeetan hainbeste laguntzen ziena. Gainera, Eskubide Sozialen arloko presidenteak ez zekien zertaz ari ginen azken osoko bilkuran hau esan genionean.

Ezjakintasun monumental hori osoko bilkuren joera orokorra da zeinak, alkateak, ahal duen moduan, zuzentzen saiatzen den zirku bat bihurtu diren.

Behin baino gehiagotan, UPNren gobernu taldeak osoko bilkurara eramandako gai-zerrendako puntuak bilkuratik kendu dituzte, ez baitakite zertan dautzan azaltzen, ez digute deialdiarekin informazioa pasatu, eztabaidan sortutako zalantzengatik etenaldia behar dute, edo, zuzenean, UPNk berak errefusatu ditu haiek gai-zerrendan sartutako gaiak.

Kudeatzeko ezintasun ageriko horri eraginkortasunik eza ere gehitu behar zaio.

Behin baino gehiagotan galdetu arren, oraindik ez dakigu UPNk zer helburu edo proiektu zehatz dituen hiri honetarako. Oraingoz, erantzun gisa jaso dugun gauzarik zehatzena da Kirol eta Osasun Saileko presidenteak jendeak kirol gehiago egitea duela helburu, eta Berdintasuneko presidenteak genero indarkeriagatiko zigorrak handituko lituzkeela, hura murrizteko neurri gisa.

Ez da auzo-kontseilurik deitu, ez dugu aurrekontuen zirriborrorik, ez dira martxan jarri proiektu parte-hartzaileak, oposizioko taldeei informazioa ezkutatzen digute, ez dituzte betetzen euskararen eta parte-hartzearen ordenantzak... Sarraski bat.

Eta hiri honek dinamismo-sentsazioren bat ematen badu, aurreko legealdian bideratuta utzi genituen lan eta proiektu asko egiten ari direlako da, hala nola Gebala kalea, Kaputxinoen inguruko hirigintza-garapena Oteiza-Ziriza Museoaren inguruan, edo Tafalla kaleko parke berria.

Atzo jakin genuen laster hasiko direla Oncineda institutu zaharrean Santo Domingoko adinekoen egoitza hara eramateko lanak. Proiektu hori Nafarroako Gobernuarekin batera landu zen aurreko legegintzaldian ere.

Inguru horretan atletismo pistaren lanak aurrera doaz, aurreko legegintzaldian ere bultzatu zena, Nafarroako Gobernuarekin batera. Gogoratu nahi dugu, gainera, proiektu honetarako EH Bilduk 300.000 € lortu zituela Nafarroako aurrekontuei egindako zuzenketa baten bidez.

Baina ez hori bakarrik. Puntu honetan argi eta garbi adierazi nahi ditugu EH Bildu Udalean dagoenean eta UPN dagoenean dauden ezberdintasunak.

UPN hiri hau hondatzeko zorian egon zen bitartean, Oncineda auziarekin, EH Bilduk, bere gobernukideekin batera, hiria salbatu zuen, lurrak doan lortu zituen eta Udal Plana aldatu zuen atletismoko pista jartzea eta adinekoen egoitza eraikitzea ahalbidetzeko.

Alkatetzan EH Bilduk egindako udal kudeaketa eta UPNk egindakoaren beste ezberdintasun bat: Los Llanos.

EH Bilduk Hiri Plangintzako arlotik ekimena hartu zuen Los Llanosen geratzen diren jabetza pribatuko lursailak lortzeko, Santa Klara komentua barne, eta parkean sartzeko, jendeak goza zitzan (komentua Osasun Zentrorako eta Eguneko Zentro Publikorako). UPNk prozesu osoa geldiarazi du, parkearen jabetza pribatuei eragozpenik ez sortzeko, segur aski.

Izan ere, UPNk interes pribatuak lehenesten ditu publikoen aurrean. Los Llanosen erakutsi zuen hori, baita gure hiriaren eta Villatuertaren artean eraikitako bizikletentzako bidezidor eta ibilaldi naturalarekin, zeinari oztopoak jarri zizkion. Esan, bide batez, honek ere sari bat jaso zuela, Osasun Ministerioak emana.

Eta gauza bera esan genezake Lizarra pilotalekuaren proiektuaz, urte eta erdiz modu parte-hartzailean landutako asmo handiko proiektua, herritarrek, talde politikoek eta hiriko kolektiboek egindako ekarpenen bidez aberastuz joan dena, eta osoko bilkurak onartutako aurrekontu-partida duena.

Sinestezina da UPNk, gutxiengoan, auzo oso bat, eta hiri osoa, milioi bat euro inguruko inbertsiorik gabe uztea, zaharkitutako eta bi kolektibok gutxiegi erabilitako instalazio bat sarbide libreko instalazio bihurtzeko, berdegune eta zerbitzu berriekin, joan den legegintzaldiko osoko bilkuraren gehiengoak onartuta. Berriro ere, UPN partikularrak lehenetsiz, herritar guztien kaltetan.

Aurrekontu partida onartuta prest utzi genituen eta aurrera ateratzeko gai izan ez diren proiektu eta ekintzak zerrendatzen jarrai genezake, hala nola San Juan zubiko espaloiak zabaltzea, Oncineda aldean 300 plazako aparkalekua (30 autokarabanentzat barne), Zalduko biribilgunea, Remontival frontoia hobetzea, parte-hartze proiektuen 100.000 €, lehen hezkuntzako ikasleentzat 25.000 €, etab.

Ez da proiektu horiek guztiak zerrendatzeko tartea, baina bai unea,sei hilabete igaro direnean Marta Ruiz de Aldak gure hiriko alkate kargua hartu zuenetik, gure aurreikuspena berresteko: gobernu inoperante baten aurrean gaude, gutxiengoan, proiektuak eta ekimenak aurrera ateratzeko gai ez dena, baita erabat bideratuta zeudenak ere. Gobernu hau, osoko bilkuraz osoko bilkura, ez da gai administrazio-kudeaketa hutseko puntuak aurrera ateratzeko, ez dakielako ezta azaltzen ere. Gutxiengoan dagoen gobernu bat, gehiengoen akordioak urratzen dituena eta jabetza pribatuari etengabe mesede egiten diona. Sortu zen egunetik bertatik agortutako gobernua.

Aitzitik, EH Bilduk badaki hiri honek ezberdinen arteko akordioak eta adostasunak behar dituela paralisitik ateratzeko eta eskuinaren politika minoritario horiei aurre egiteko. Ahalegin guztiak egingo ditugu azken udal-hauteskundeetan hautestontzietatik ateratako gehiengo aurrerakoia udal ekintzan, proiektu zehatzetan eta hiri osoan isla dadin.