Gure hizkuntzarentzat, euskararentzat, oso legegintzaldi txarra bizitzen ari gara. Bagenekien gobernu talde honek euskararen aldeko herri ekimen guztiei oztopoak jarriko zizkiela, Korrikaren azken bi edizioetan ikusi ahal izan dugun bezala. Hala ere, gehien kezkatzen gaituena da euskararekiko erakusten ari den mespretxua, bere ordenantza propioa betetzeari dagokionez.
Nahikoa da Udalaren logotipoa daramaten azken kartelak ikustea. Horietan argi eta garbi urratzen da ordenantzaren 22. artikulua; izan ere, artikulu horrek ezartzen du ordenantza aplikatu beharko zaiela beren jarduerak garatzeko udal dirulaguntzak jasotzen dituzten elkarte, klub, fundazio, kolektibo, talde, GKE eta gainerako erakundeei ere.
Egoerak ez du hobera egiten kultur programazioa aztertzen dugunean. Egiaztatu ahal izan dugu programatutako jarduera gehienak gaztelania hutsean egin direla. Horren adibide garbia da «Atardeceres en el Patio» programa: hiru jarduera antolatu ziren, eta horietako bat ere ez zen euskaraz izan. Gauza bera gertatu da jaietako programazioan ere: 2024an ez zen euskarazko jarduerarik programatu, eta 2025ean bakarra, gainera gaztelaniazko antzeko beste jarduera batekin ordutegi berean. Eta adibideak ematen jarrai genezake.
Paradoxikoki, euskararen arloan, UPNren gobernu talde honek, bere gobernu bazkide den PPrekin batera, 10eko nota lortu zuen 2025ean: hamar izan ziren Euskararen Behatokiak aurkeztutako salaketak. Horrela, hizkuntza-eskubideen urraketengatik espediente gehien zituen udalaren zalantzazko ohorea eskuratu zuen.
Salaketa horien artean, besteak beste, honako gai hauek zeuden: langileak hautatzeko prozesuetan euskara ez baloratzea; FITURen aurkeztutako sustapen-bideoan euskarari tokirik ez ematea —Best Tourism Village izendapenerako egindako bideoan ere gauza bera gertatu da—; kultur programazioan euskararen presentzia hutsaren hurrengoa izatea; edo udal gutunak, oharrak eta inprimakiak gaztelania hutsean bidaltzea.
Halaber, Arieta Udal Haur Eskolaren egoera bezain larriak diren gaiez ere hitz egin genezake. Azken asteotan ikusten ari gara euskarazko ereduko hezitzaileen hutsuneak hizkuntza hori ez dakien langileekin betetzen ari direla; horrela, familiek aukeratutako hizkuntza-eredua ez da errespetatzen, eta haien hizkuntza-eskubideak urratzen dira