AKTUALITATEA


| 2026-08-07 13:10:00

EH Bildu Lizarrak adierazi duenez, amaitu berri diren herriko jaietan “kolektibo eta elkarteen lanak UPNk eginiko baztertzeko saiakerei buelta ematea lortu du. Herriko elkarte ehunak espazio berriak sortu ditu, eta horiei balioa eman behar zaie. Lehenengo Egun Transfeminista ospatu izana edo 98ko kintak jai egitarauari egin dion ekarpena dira horren erakusle”.

Gainera, alderdi subiranistak salatu duenez, “UPNk bere politika sektario eta autoritarioak lehenesten ditu, osoko bilkuran hartutako akordio demokratikoen gainetik”. Alderdiak gogorarazi du alkateak bigarren urtez urratu duela osoko bilkurak onartutako mozioa, Santa Klarako aparkalekuan txosnak jartzen ez uzteko erabakia indarrik gabe uzten zuena.

Era berean, EH Bilduk deitoratu egin du, beste urte batez, alkateak ostiraleko bajadika bertan behera uztea erabaki izana. “Udal debekuak kritikatzeko jaiotako ekitaldi bat hiru urtez bertan behera utzi izanak, gobernu taldeak kritikak bere gain hartzeko duen ezintasuna islatzen du”, esan du Mikel Kolomo koalizioko bozeramaileak. Era berean, goraipatu du azkenean “jai giroan” egin ahal izan zela bajadika.

Ez hori bakarrik, programan euskarazko jarduera gutxi egotea ere kritikatu du udal taldeak. “Lizarraren hizkuntza ofizialetako batek kontzertuetan duen espazioa hutsaren hurrengoa da. Jai egitarauaren aniztasun eskasaren inguruan hausnartu behar da”, esan du.

Azkenik, EH Bilduk ondokoa ondorioztatu du: “Aurtengo jaiak legegintzaldia izan denaren isla dira, bazterketak, autoritarismoak eta gobernu taldearen elkarrizketarako ezintasunak markatua. Herritarren eta kolektiboen parte-hartzearen ikuspuntutik galdutako legealdia izan da”. Horren aurrean, Mikel Kolomo udal bozeramaileak berretsi du beharrezkoa dela “legegintzaldi hau atzean uztea etapa berri bat irekitzeko hirian, non aniztasuna eta parte-hartzea elementu nagusiak izango diren, bai jai egitaraua osatzerakoan, bai udal politikan”.