AKTUALITATEA


| 2026-08-28 08:42:00

Lizarrako EH BILDUk Zerbitzuen kudeaketa hobea, udal jarraipen handiagoa eta zikinkeriaren aurkako prebentzio neurriak eskatzen ditu.

 

EH BILDUtik salatu nahi dugu Lizarrako hainbat gunetan dagoen zikinkeria eta mantentze falta, baita UPNren gobernu taldeak arazo horiei aurre egiteko eman duen erantzun politiko eskasa ere.

Herritarren kexek argi uzten dute hiriko zenbait guneetan arreta nabarmen eskasa jasotzen dutela, bai garbiketari bai mantentze-lanei dagokienez.

Argi utzi nahi dugu salaketa honek ez dituela garbiketa zerbitzuko langileak arduradun egin nahi; izan ere, langileek enpresak eskaintzen dizkien baldintza eta bitartekoen barruan egiten dute lan. Erantzukizun politikoa UPNren gobernu taldearena da.

2024ko urrian iragarri zen Lizarrako garbiketa zerbitzuaren berritzea, prestazioa hobetzeko helburuarekin. Horregatik, beharrezkotzat jotzen dugu Udalak azal dezala zer jarraipen egiten ari den zerbitzuari, nola ebaluatzen ari den emaitzak eta zer egiten ari den akatsak zuzentzeko.

Kontua ez da eguneroko lana egiten dutenak seinalatzea. Kontua da gobernatzen duenari eskatzea udal zerbitzuak behar bezala planifikatzea, gainbegiratzea eta kudeatzea.

 

Hilabeteak daramatzan Zerbitzuen Batzordea bildu gabe

Egoera horri gehitzen zaio bereziki kezkagarritzat jotzen dugun beste auzi bat: Zerbitzuen Batzordea apirilaz geroztik ez da deitu.

Hain zuzen ere, garbiketa eta mantentze-lanei buruzko arazoak eta kexak dauden une honetan, zaila da ulertzea gai horiek lantzeko ardura duen udal organoak hilabeteak daramatzala bildu gabe.

Zerbitzuen Batzordeak gorabeherak ezagutzeko, auzo desberdinen beharrak aztertzeko eta zerbitzuen prestazioaren jarraipena egiteko balio beharko luke.

Ezin da udal zerbitzuen kudeaketa ona egon, horien jarraipen politiko eta aldizkakorik ez badago.

Horregatik, UPNri eskatzen diogu azal dezala zergatik jarraitzen duen Zerbitzuen Batzordea deitu gabe eta noiz duen aurreikusia berriz martxan jartzea.

 

Garbitzeaz haratago: prebentziorako neurri eta ekimenak falta dira

Baina uste dugu arazoak urrats bat gehiago eskatzen duela. Udal baten erantzuna ezin da mugatu hiria zikin dagoenean gehiago garbitzera. Prebentzioan eta hezkuntzan ere lan egin behar da. UPNren aldetik falta dira espazio publikoen zaintza sustatzeko eta bizikidetza ohiturak hobetzeko ekimen berriak.

Udalak azter litzakeen aukera asko daude: kolektibo desberdinei zuzendutako hezkuntza-kanpainak, ikastetxeetako sentsibilizazio-programak, auzoetako ekintza espezifikoak, herritarren parte-hartze ekimenak, hondakinak abandonatzearen aurkako kanpainak edo tokiko elkarte eta kolektiboak inguruaren zaintzan inplikatzeko proiektuak, auzolanaren bidez.

Ez da beste publizitate-kanpaina bat abiaraztea. Formula berriak bilatzea da, herritarrak hiriaren zaintzan inplika daitezen eta prebentzioa udal politikaren zati izan dadin.

Garbiketa ezinbesteko zerbitzu publikoa da, baina hezkuntzak, kontzientziazioak eta prebentzioak ere konponbidearen parte izan behar dute.

 

Auzo guztiek arreta behar dute

Lizarra bere auzo guztiek eta bertan bizi diren pertsona guztiek osatzen dute. Horregatik, Udalak arreta egokia bermatu behar du hiri osoan.

Gaur egun, alde nabarmenak daude gune batzuen eta besteen arretan eta mantentzean, eta UPNk azaldu behar du zer irizpide erabiltzen ari den zerbitzuak antolatzeko eta zer neurri hartzen ari den detektatutako gabeziak zuzentzeko.

Ezin dugu onartu arazo jakin batzuk ohiko bihurtzea, ezta herritarrek horiekin bizitzen ohitu behar izatea ere.

 

Kudeaketa, jarraipena eta ekimen berriak eskatzen ditugu

EH BILDUtik UPNren gobernu taldeari eskatzen diogu:

- Berehala deitzea Zerbitzuen Batzordea eta azaltzea zergatik ez den apiriletik bildu.
- Garbiketa eta mantentze zerbitzuaren udal jarraipena indartzea.
- Hiriko auzo desberdinen behar espezifikoak aztertzea.
- Herritarrek jakinarazitako gorabeherei erantzun eraginkorra bermatzea.
- 2024an berritutako garbiketa zerbitzuaren funtzionamendua ebaluatzea.
- Zikinkeria prebenitzeko eta espazio publikoen zaintza sustatzeko hezkuntza eta kontzientziazio neurri berriak abian jartzea.
- Hiriko ikastetxe, elkarte eta kolektiboekin batera prebentzioa lantzeko ekimenak bultzatzea.

Lizarrak zikinkeria kalean dagoenean erreakzionatzea baino gehiago behar du. Arazoen aurretik joango den, auzoei entzungo dien eta konponbide berriak planteatzeko gaitasuna izango duen Udal bat behar du.

EH BILDUtik UPNri eskatzen diogu bere erantzukizun politikoa bere gain hartzeko, Zerbitzuen Batzordea berriz martxan jartzeko eta hiriko arazoak ikusgai bihurtzen direnean bakarrik kudeatzeari uzteko.

Auzoek arreta behar dute, zerbitzuek jarraipena behar dute eta Lizarrak ideia berriak behar ditu.