AKTUALITATEA


| 2026-09-14 13:21:00

Lizarrako EH Bildu taldeak kezka agertu du “hirian gero eta gorroto diskurtso xenofobo gehiago dagoelako; pintada arrazistak agertu izanak eta beldurra elikatzea eta migratzaileak mehatxutzat seinalatzea helburu duten buloak eta informazio faltsuak zabaltzeak argi erakusten dute hori”.

 

EH Bilduko udal taldeak salatu duenez, “azken hilabeteetan hiriak ikusi du nola zabaltzen ziren informazio faltsuak Santo Domingoko adingabe migratzaileentzako baliabidearen inguruan, Nafarroako Gobernuak publikoki gezurtatu behar izan zituen arte. Horrekin batera, Ceutan bizi izandako egoeraren erabilera politikoarekin bat egin du. UPNren gobernu taldearen eskutik udal eremu politikora iritsi den auzia. Eta egunotan hirian eduki arrazista eta xenofoboa duten pintadak agertu direla ikusi dugu”.

 

“Gorroto diskurtso” gisa kalifikatu dutenaren aurrean, EH Bilduk kolektibo sozialetatik aspalditik egiten ari den lana eta Lizarrako herritarrek erakutsitako erantzukizuna nabarmendu nahi izan ditu. “Gure hiria anitza da eta historikoki erakutsi du badakiela jatorri eta kultura ezberdinetako pertsonekin bizitzen. Aniztasun hori gure errealitatearen eta komunitate gisa garenaren parte da. Gure kaleek elkargune, bizikidetza eta aniztasun leku izaten jarraitu behar dute”.

 

Azkenik, EH Bildu Lizarrak dei egiten die Udalari, herritarrei eta erakunde sozialei arduraz joka dezaten eta “ez daitezen geldirik egon eta ez dezaten utzi gorroto diskurtsoek espazio publikoa blaitzen eta arrazakeria eta faxismoa elikatzen”.