AKTUALITATEA


| 2023-04-14 17:31:00

2015 urtea. Ilusioa eta lan egiteko gogoak. UPN eta PSNren erregimenak Lizarrako Alkatetza  galdu zuen. Bide baten hasiera izan zen, 2019an birformulatu zen bide bat, gaur egun ilusioz eta indarberrituta egiten jarraitzen duguna.

Bide horrek aurrera darrai ibiltzen garen heinean.  

Argi daukagu ez dagoela zailtasun eta kontraesanik gabeko biderik. Gurea ez da salbuespen  bat. Euskal Herria Bilduk ez dauka gehiengo absoluturik eta batzuetan ez zaigu gustatzen  gobernua konpartitzen dugunon kudeatzeko era, edota gure helburuak ez dira ehuneko  ehunean betetzen.  

Baina, hala eta guztiz ere, lanean jarraitzeak merezi du. Partaidetzari, jendarteari, herriari udalaren ateak irekitzeak merezi du. 

Itzalak…? Nahi dituzuen guztiak, bakoitzak bereak jar ditzala. Onartzen dugu. Baina egia da,  ibiltzen garen heinean, Lizarra parte-hartzaileagoa, atseginagoa, inguruarekiko eta ondarearekiko kontzientziatuagoa ikusten dugula. Ni bezalakoa ez denarekiko begirunetsuagoa, feministagoa eta berdintasunezkoagoa den Lizarra bat ikusten dugu.

Bidea luzea da. Asko dago egiteko bai kalean, bai instituzioan. Gure asmoa, herritarren parte-hartzean sakontzea da, normaltasun osoz Euskaraz komunikatu ahalko den Lizarra eraikitzea, hiri esparru duinak izango dituena, gazteentzako lokal autogestionatuak eta irekiak dituena, edo adinekoentzako zentroak izango dituena, zeinak bigarren maila batean utziko ez dituen.

Abestiak esaten duen bezala, Lizarra eder sentitzea da gure asmoa; ezpainak margotuta, ispiluari begiratu eta bere baitan sinisten duena aurrera jarraitzeko. Horretan  gaude. Bidean gaude.