AKTUALITATEA


| 2025-10-01 17:30:00

EH Bilduk pozez hartu ditu aste honetan Lizarran ezagututako erabaki judizialak, alde batetik, Puyko jaitsierako 27 pertsonen aurkako auzia behin-behinean artxibatzea, eta bestetik, Raimundo el Canastero taldeko kideen absoluzioa. “Auzipetuentzat albiste ona izateaz gain, UPNren eredu autoritarioak gure hirian izan duen porrota erakusten dute”, nabarmendu dute alderdi subiranistaren udal taldetik.

Prentsa ohar batean, EH Bilduk gogorarazi du UPNk bide judiziala aukeratu zuela 2024ko jaietan “alkatearen eta bere gobernu taldearen erabaki baztertzaileen aurrean gehiengoaren nahigabe sozialaren erantzun bakar gisa”. “Gaur, Lizarrako 30 bizilagun baino gehiago epaitegien aurrean pasarazi ondoren, berriro baieztatu da UPN ez dela gai gure hiriko arazoei erantzuna emateko”.

EH Bilduk zorionak eman dizkie auzipetuei eta, aldi berean, zuhurtziarako deia egin du, ebazpena behin betikoa ez dela gogoraraziz, nahiz eta “inoiz gertatu behar ez zuen zerbaitetan aurrerapauso oso garrantzitsua” izan.

Azkenik, EH Bilduk “bizikidetzaren alde eta iritzi guztiak eta aniztasuna kontuan hartzen dituen hiri eredu baten alde” lanean jarraitzeko apustua berretsi du.