AKTUALITATEA


| 2026-01-02 06:20:00

Egungo gobernu-taldeak hartutako zenbait erabaki partekatu nahi ditugu zuekin. Era berean, uste dugu garrantzitsua dela hartu ez dituen eta hiriko bizilagunentzat onuragarriak diren proiektuak geldiaraztea edo bertan behera uztea eragin duten beste erabaki batzuk ezagutaraztea ere.  

Gobernu-taldeak egindako lanaren eta egindako proposamenen baloraziotik hasita, aurrekoaren jarraipena izan dela uste dugu. Hau da, ez da ezer egin eta ezer egin gabe jarraitzen da. Hau izango litzateke ateratzen dugun lehen titular handia: UPNk ez du proiektu estrategiko berririk hiriarentzat eta, gainera, ez du gaitasunik dagoeneko martxan dauden proiektuak garatzeko.

Hori gutxi balitz, aurrekonturik gabeko legegintzaldi baten aurrean gaude. Urtez urte, UPNren egungo gobernu taldeak aurrekontuak garaiz eta behar bezala aurkezteko eta negoziatzeko gaitasunik ez duela baieztatzen da. UPNren ezintasun hau dela eta, Lizarrak aurrekontu deseguneratuak ditu, bizilagunen egungo beharrei erantzunik ematen ez dietenak.

UPNren gobernu-taldearen paralisi instituzional horri aurre egiteko, alternatiba osatzen dugun taldeok hirirako beharrezkotzat jotzen ditugun dinamikak, ekimenak eta proiektuak garatzea erabaki dugu, ezberdinen arteko akordioen bidez.

2025eko martxoaz geroztik, hiriarentzat onuragarriak iruditzen zaizkigun 20 proposamen baino gehiago aurkeztu ditugu; jasangarritasuna, inklusioa eta zaintza erdigunean jartzen dituzten ekimenak dira, eta gure hirian bizi diren pertsonen aniztasuna hartzen duten beti kontuan, balio gisa.

EH Bildutik hainbat proposamen aurkeztu ditugu, lortu nahi dugun hiriaren ikuspegi horri erantzuten diotenak, hala nola: Lizarra frontoiaren inguruan Frontoi Plazaren proiektua suspertzea; alternatiba osatzen dugun gainerako taldeekin batera, Santa Klara komentua erosteko egindako apustua; edo Alde Zaharrean etxebizitzaren arloan aurrera egiteko eta auzoa biziberritzeko proposamen zehatzak. Ezin dugu ahaztu ere Txantonako proiektua, non UPNren paralisiak Nafarroako Gobernuak hirirako estrategikoa den proiektu honetarako eman zuen inbertsioa galarazi duen.

Ikuspegi sozialetik, herri palestinarrari elkartasuna adierazteko dinamikak aurkeztu ditugu; jai herrikoien aldekoak, kolektibo guztien lana errespetatuz, txosnekin; eta, berriki, Jurramendin 1976an eraildako bi pertsonen (Ricardo eta Amiano - haietako bat Lizarrakoa -) aitorpen instituzionala eta justiziarako eta erreparaziorako eskubidea eskatu ditugu, gertakari hauetatik 50 urte beteko diren momentu honetan.

Bestalde, egungo gobernu-taldearen alternatibaren talde nagusia garen aldetik, 2026an ezberdinen arteko akordioen alde egiten jarraitzeko borondate irmoa erakutsi nahi dugu. Hirirako beharrezkoak diren eta legegintzaldi honetan gauzatu behar diren proiektuak daude eta EH Bilduk bere esku dagoen guztia egingo du horiek garatzeko.

UPNren jarrera oztopatzailearen adibide gisa, uste dugu argigarria izan daitekeela azken udalbatzan gertatutakoa; izan ere, UPNk etxebizitza eskuratzeko arazoari heltzeko proposamen zehatz baten aurka bozkatu zuen; gizartea, eta bereziki Lizarrako gazteria, gehien kezkatzen dituen gaietako bat.

Hiri honek behar du bere ordezkariek etxebizitza duina izateko eskubidea erraztuko duten politiken alde argi eta garbi apustu egitea. Etxebizitza da gizartea gehien kezkatzen duen gaietako bat, eta onartezina da — eta hala salatu nahi dugu —, legealdiaren erdia igarota, UPNren ekimenik ez ezagutzea gai honen inguruan. Guk etxebizitzaren arloan urratsak proposatzen eta ematen jarraituko dugu.

Lizarrak bere administrazio hurbilenak, Udalak, jendearen ongizatea eta bizi-baldintzak bermatzeko urrats sendoak ematea behar du. Euskal Herria Bildutik lanean jarraituko dugu ezberdinen arteko akordioak lortzeko, eta pertsonen bizi-baldintzak hobetuko dituzten proiektuak garatzeko, baita gure eskualdea egituratzen duten erakundeekin lankidetzan ere.

Amaitzeko, gobernu-taldeari eskatzen diogu begiak irekitzeko, dagoen lozorrotik esnatzeko eta gainerako talde politikook egiten ari garen proposamenen garapena ahalbidetzeko.

Pertsonen bizitza hobetzeko proposamenak egiten diren lekuetan, hor egongo da EH Bildu.