EH Bilduk "Montejurra 76 – Memoria. Oroimenean " dinamika aurkeztu du Lizarran. Dinamika hau datorren urteko maiatzera arte garatuko da, eta frankismoaren kolpearen 90. urteurrena eta Jurramendiko gertaeren 50. urteurrena dela eta, memoria, egia eta erreparazioa erdigunean kokatu nahi ditu. Koalizioak azpimarratu duenez, "Europako eta munduko faxismo berrien hazkundearen testuinguruan, memoria ezinbesteko elementua da ez errepikatzea bermatzeko".
1936an kartzela gisa erabili zen Gustravo de Maeztu Museoaren ondoan egindako prentsaurrekoan, Mikel Kolomok gogorarazi du aste honetan 50 urte betetzen direla Franco diktadorearen heriotzatik, eta berretsi du ezinbestekoa dela bai frankismoari bai trantsizio deiturikoan erabilitako indarkeriari begiratzea. Zentzu horretan, koalizioak nabarmendu duenez, "Ricardo Garcia Pellejero eta Aniano Jimenez Santosen 1976ko Montejurrako hilketek eta martxoaren 3an Gasteizen edo 78ko Sanferminetan gertatutakoak, egia eta justizia bermatu ez zuen trantsizioa agerian uzten dute". Halaber, datorren urtean ere kolpe frankistaren 90. urteurrena ospatuko dela gogorarazi du eta agerian utzi ditu errepresio haren ondoriozkoak “espetxeratzeak, fusilamenduak eta sufrimenduzko hamarkadak jasan zituzten Lizarrako ehunka familiek metatutako mina".
"Montejurra 76 – Memoria. Oroimenean" izeneko dinamikak hurrengo hilabeteetan hitzaldiak, bisita gidatuak, ekitaldi politikoak eta proposamen instituzionalak barne hartuko ditu eta, 2026ko maiatzaren 9an — Ricardo eta Anianoren hilketaren 50. urteurrenaren data zehatzean—, Jurramendiko gertaerak gogoratzen dituen ekitaldi batekin amaituko da. Ildo honetan, EH Bilduk urratsak eskatuko ditu udal-eremuan, hasteko, lan honi ekiteko batzorde espezifiko bat sortzeko eskaerarekin. Koalizioak mozioa aurkeztuko du hurrengo osoko bilkuran batzorde hori martxan jartzeko.
Azkenik, Kolomok gogorarazi du datorren larunbatean, "Askatasun haizea" lelopean, EH Bilduk deitutako manifestazioa egingo dela Bilbon. Bertan parte hartzeko deialdia egin die herritarrei honakoa gogorarazteko: "diktadorea hil eta 50 urtera, faxismo berriek Europan eta munduan aurrera egiten duten bitartean, Euskal Herriak nazio antifaxista izaten jarraitzen du".