AKTUALITATEA


| 2022-04-29 12:29:00

EAJ-PSEko gobernu taldeak beste kultura teknikari postu bat sortuko du, horretarako, soldaten kostu ekonomikoa 60.000€ baino gehiagoan handituz. Hala, 10.000 biztanle arteko herrien artean, bi kultura teknikari izango dituen herri bakarra bihurtuko da Lezo.

 

Postua Lan-jarduna Dedikazio gehigarria Lan-jarduna guztira

Orain arteko kultura teknikaria

Jardunaldi osoa (%100)

+ %25

Jardunaldi osoa + %25

(%100 + %25)

Kultura teknikari berria

Jardunaldi osoa (%100)

+ %10

Jardunaldi osoa + %10

(%100 + %10)

Guztira 2 teknikari jardunaldi osoarekin + %35eko dedikazio gehigarria

2 teknikari jardunaldi osoarekin + %35 dedikazio gehigarria

 

2013. urteaz geroztik, administrazio publiko guztietako aurrekontuak handituz joan dira. Horrek, Lezoko Udaleko aurrekontuetan ere isla izan du, urtez urte udal aurrekontua handituz, zorionez. 2013. urteko udal aurrekontua 7.150.000 €koa zen, 2015. urtekoa 7.650.000 €koa eta 2022. urtekoa 9.300.000 €koa, adibidez. Ondorioz, kultura ekitaldietarako diru partidak ere handitu egin dira:

  Kultura emankizunak kontratatzeko diru partida
2015

27.000 €

2022

125.000 €

 

Aldiz, herriko kultura eragileek urteko jarduna burutzeko udaletik jasotzen duten diru ekarpena ez da apenas handitu urte horietan. 2015. urtean jasotzen zuten antzeko diru kopurua jasotzen dute gaur egun. Konparaziorako, honako hau da diru ekarpen handiena jasotzen duten herriko 5 kultura eragilek jasotakoaren batura:

  Diru ekarpen handiena duten 5 kultura eragilek jasotakoaren batura
2015

39.000 €

2022

46.000 €

 

Bistan da, EAJ-PSEko udal gobernuaren apustua kultura emankizunak kontratatzea dela, herriko eragileen lana, aukerak eta baliabideak ere indartu beharrean.

Hori al da Lezok behar duen kultura eredua? Zer lortzen du Lezok eredu horrekin? Herri-bizitza indartzeko egokia al da? Zer behar dauzkate herriko kultura eragileek? …

Lezoko EH Bilduren ustez, kezka eta galdera horiek argitu eta Lezok behar duen kultura eredua definitzeak izan behar luke lehentasuna. Horretarako, herriko kultura eragileekin eta interesa duten herritarrekin hausnarketa prozesua egitea proposatu dio EAJ-PSEko gobernu taldeari. Hori egokitzat jo ezean, teknikariaren jarduna justifikatuko lukeen proiektu zehatza eta denboran mugatua izango litzatekeena (gehienez hurrengo hauteskundeetara bitartean) lantzeko proposatu dio. Gobernu taldeak, aldiz, baztertu egin ditu bi proposamenak.

Lezoko EH Bildu kultura ekitaldietan ere inbertitzearen alde dagoen arren, ez du uste bigarren kultura teknikaria denik orain Lezok behar duena. Are gehiago, Lezoko Udaleko aurrekontuetan pertsonal gastuan azken urteotan pilatzen ari den gainzama are gehiago zamatzera dator erabaki hori, eta horrek, herriko baliabideak premiazkoak izan daitezkeen bestelako lehentasun batzuetan inbertitzea eragozten du. Beste hainbatetan salatu izan duen bezala, udal gobernua herritarron diru-baliabideekin arduragabe jokatzen ari da. Udalaren egungo eta etorkizuneko jarduerak eta balizko inbertsioak hipotekatuz.