AKTUALITATEA


| 2023-03-15 21:08:00

Maiatzeko udal hauteskundeei begirako orain arteko ekitaldi nagusia egin du Lezoko EH Bilduk. Hautagaitzaren ardatzak eta taldea aurkeztu ditu, Gezalan. Mikel Arruti alkategaiak esan du EH Bilduk jarrera eta gaitasuna dituela Lezok norabide egokiagoa har dezan. BIDEO LABURPENA

Datorren maiatzaren 28ko udal hauteskundeetako zerrendaren eta hautagaitzaren ardatzen aurkezpena egin du gaur arratsaldean Lezoko EH Bilduk, Gezalan (ekitaldia osorik ikusgai). Aretoa bete egin da. EAJ-PSE udal gobernuaren kudeaketari kritika egin dio EH Bilduk, eta aldaketaren beharra aldarrikatu. Mikel Arruti Salaberria alkategaiak azaldu du proiektua, taldea, herritarrekiko gertutasuna eta anbizioa dituela EH Bilduk.

Musika eta dantza izan dira ekitaldian —Estanis Karrera txistularia, Mila Olasagasti biola, eta Enara Artola eta Mikel Esnaola dantzariak aritu dira—, eta Eneritz Arruti Osanbela eta Mireia Kuesta Unzain EH Bilduren udal zerrendakideek eta Mikel Arrutik hartu dute hitza.

Mikel Arruti: “Prest gaude eta anbizioa dugu”

Joan den urte bukaeran iragarri bezala, Mikel Arruti Salaberria izango da EH Bilduren alkategaia. Duela lau urte ere izan zen alkategaia, eta EH Bildu izan zen talde bozkatuena. Baina inbestidura saioan, EAJk eta PSEk bat eginda gehiengo osoa lortu, eta alkatetza lortu zuten. Alkate izateko aurkeztu da Mikel Arruti berriz. Lezoarra da, 1977koa, eta beti Lezoko dinamiketan ibilia. Herriarekin eta herritarrekin konpromisoa daukala erakutsi izan du.

Mikel Arrutiren hitzaldiko esan batzuk (hitzaldiaren PDFa, behean):

• “Gurea ez da politika konbentzionala. Gu herrigintzatik gatoz. Zuek bezala, herriko hainbat elkarte eta eragileetatik gatozen herritar konprometituak gara. Politika ulertzeko modu hori, abantaila handia da guretzat, herritarrengandik gertuen gaudenak izatea esan nahi baitu”.

• “Zaintza izango da EH Bilduren proiektuaren ardatza. Zaintza, bere adiera zabalenean. Zaintzak guztion ardura izan behar duela ulertzen dugu: instituzioena, herritar norbanakoena eta herriko elkarte eta eragileena. Elkar zaintzen dugun herria izatea nahi dugu. Elkarrekin zainduko dugun herria. Elkarrekin, herria garelako”.

• “Asko dugu jokoan maiatzeko udal hauteskundeetan. Prest gaude Lezok behar duen udala eta herritarren arteko gidaritza partekatuan sinisten dugulako. Prest gaude proiektu hori gauzatu dadin herritarrekin eta eragileekin osatutako herri-programa aurkeztuko dugulako”.

• “Anbizioa dugu. Bere ingurunea zainduko duen herria izateko. Herritarrekin arituz, bizitzak erdigunean jarriko dituen politikak aurrera eramateko. Eragileen lanari balioa emanez, herri biziago bat izateko. Komunitatea indartuz, elkar zainduko dugun herria izateko. Horiek dira gure anbizioak”.

Argazkian, Mikel Arruti Salaberria alkategaia hizketan, bere hitzaldian.

Programaren ardatzak: zaintza, ingurunea eta azpiegiturak

EH Bilduk hiru ardatz estrategiko definitu ditu: batetik, herritarren zaintza (egoera zaurgarrienean dauden herritarrei arreta berezia jarrita); bigarrenik, ingurunea (trantsizio energetikoan ipinita arreta nagusia); eta hirugarrenik, aurreko guztiari erantzuteko azpiegitura eta zerbitzu egokiak (mugikortasunak eta aparkalekuak garrantzia izanik).  

• Eneritz Arruti: “Horrekin batera, herri-bizitza eta herri-kultura ere ezinbesteko osagai gisa ikusten ditugu, herria bera zaintzeko. Bide horretan, komunitatea bera trinkotzea eta sendotzea zeharlerro gisa landuko da”.

• Mireia Kuesta: “Krisi klimatikoa, migrazio mugimenduak, zerbitzu publikoen pribatizazioa… Ezkerreko independentismoak datozen urteotarako egitasmo eta alternatiba politiko sendo, integral, osatu, berritu eta ilusionagarria aurkeztu behar dio Euskal Herriari. Herritarren behar, interes eta desirekin bat egingo duena. Horretarako, gure indargune nagusia udalgintzan dugu”.

• Eneritz Arruti: “Lezon ikusi dugu azken lau urte hauetan zer den, herriari bizkarra emanda, herriarekin beharrezko elkarrizketak zabaldu gabe gobernatzea. Ez hori bakarrik, kudeaketa gaitasun kaskarraren, utzikeriaren eta lagunkeriaren adibide garbiak ikusi ditugu azken lau urteotan Lezoko udalean, EAJ-PSEren udal gobernuan”.

Herri batzarra eta Bilgunearen irekiera larunbatean

Larunbat hionetan, Bilgunea irekiko du EH Bilduk (13:00), Zubitxo kalean. Aurrez, 10:00etan, herri batzar bat egingo du, herritarren eta ingurunearen zaintzaz.

EH Bilduren 16 udal zerrendakideak

Gezalako ekitaldian, Lezoko EH Bilduk maiattzeko udal hauteskundeetan aurkeztuko duen zerrendaren berri eman du. Hainbat esparrutan aritutako eta herria ezagutzen duten lezoarrek osatu dute taldea.

Hamasei zerrendakideak:

• 1.: postuan eta alkategaia: Mikel Arruti Salaberria.
• 2.: Miren Ormazabal Urkizu.
• 3.: Aitzol Saizar Viaña.
• 4.: Eneritz Arruti Osanbela.
• 5.: Iker Salaberria Urkizu.
• 6.: Mireia Kuesta Unzain.
• 7.: Jon Legorburu Arrastua.
• 8.: Deiene Ziganda Arruti.
• 9.: Josune Saizar Sarasua.
• 10.: Jonatan Cuadrado Mantiñán.
• 11.: Beatriz Garcia Benitez.
• 12.: Iratxe Lopetegi Suarez.
• 13.: Estanis Karrera Sarasola.
   
Ordezkoak:
• 14.: Garazi Muñoz Gereño.
• 15.: Ander Iñarra Olaziregi.
• 16. tokian: Nekane Manso Berasarte.