AKTUALITATEA


| 2020-03-12 15:45:00
  • Koronabirusaren ondorioei guztiok batera, elkarrekin, herri gisa aurre egin behar diegu.

 

  • Koronabirusak eragin ditzakeen sektore guztiak eta horien ondorioak bilduko dituen mahai bat sortzeko eskatzen diogu Jesus Mari Martiarena alkateari.

 

Lezoko EH Bilduren ustez, koronabirusaren ondorioei guztiok batera, arduraz eta herri gisa aurre egin behar diegu.

Beharrezkoa da krisi honi jada bilakatzen ari dena bezala heltzea: gizarte honetako sektore guztiei eragingo dien krisia. Horrela, EH Bilduk uste du sektore guztiek
zuzenean ezagutu behar dutela kasuari buruzko informazioa, eta batera tratatu behar dituztela har daitezkeen neurrien ondorioak.

Horretarako, koronabirusak eragin ditzakeen sektore ezberdinak hartuko dituen mahaia sortzea garrantzitsua iruditzen zaigu.

Lezoko EH Bilduk konpromiso osoa eta zintzoa du mahai horretan parte hartzeko.

Guztiok batera, elkarrekin aritzeko unea dugu. Konbentzituta gaude elkarrekin, herri gisa aurre eginez, hobekiago eta eraginkorrago erantzungo dugula.