AKTUALITATEA


| 2023-05-12 22:06:00

Aurreko egunetan Lezoko EH Bilduren hauteskunde programa etxe denetara banatu dugu. Orain, sarean ere baduzu. Ildo estrategikoak (zaintza eta ingurunea), komunitatea, proiektuak (zentro zibiko-soziala, bi aparkaleku, errepideak berrordenatu...). Hemen programa.

Lezoko EH Bilduren programako aurkezpen testua:

Elkar zainduko dugun herria eraiki nahi dugu. Herritarrak, ingurumena, komunitate-bizitza eta kultura zainduko dituen herria. Zaintza bere zentzurik zabalenean garatuz: konpainia eskainiz, harreman-sareak josiz, elkar-laguntzea bultzatuz, giza-talde zaurgarrienetan arreta berezia jarriz… Azken batean, lezoarron bizitzak erdigunean jarriko dituzten harremanak eta zaintzarako azpiegitura-sareak eraikiz.

Horretarako, ezinbestekoa da elkarri entzutea. Hori da gauzak egiteko gure modua, hori da gure oinarria. Elkarteetako ordezkariekin izan gara, auzoetako herritarrak entzun, adituen ekarpenak jaso… eta, jakina, herritar guztiei zabaldutako batzarrak antolatu ditugu, erabakiak hartzeko. Herritar eta elkarteengandik gertu dagoen indar politikoa gara.

Horien emaitza da jarraian aurkezten dugun egitasmoen lehen lagina. Lagina diogu, beste hainbat egitasmotarako ekarpenak eta proposamenak jaso baititugu, eta horiek ere hurrengo legegintzaldian gauzatu nahi baititugu.

Baina hemen, elkar zainduko duen herria eraikitzeko, zaintzen azpiegitura sarea zer-nola irudikatzen dugun ikusarazteko proposamenak jaso ditugu, nagusiki. Edozein kasutan, egitasmo horiek ez dira behin betikoak izango; ez behintzat horiek eragindako herritarrei iritzia eta ekarpena eskatu arte. Hori izango da udalgintzan EH Bilduren lan egiteko modua: herriarekin eta herriarentzat, elkar zainduko dugun herria eginez.