AKTUALITATEA


| 2023-05-20 11:24:00

Atzo arratsaldean egin genuen Lezoko EH Bilduren kanpainako ekitaldi nagusia, plazan. Oso balorazio ona egiten dugu, uste baitugu Lezon orain dagoen hauteskunde giroaren seinale izan zela: parte hartze itxura ederra (200 lagun), herriguneko eta auzoetako jendea, adin mota desberdinekoak, mamia, umorea, jai giroa. Eskerrik asko ekitaldian parte hartu zenuten eta bertan izan zineten denoi.

Mikel Arruti alkategaia, Eneritz Arruti zerrendakidea eta Itziar Ostolaza Gipuzkoako foru zerrendakidea mintzatu ziren ekitaldian. Dantzariek ere hartu zuten parte, eta Jon Etxebeste bertsolariak Lezoko taldeko zerrendakideak segidilla bidez aurkeztu zituen.

Arruti alkategaiak aipatu zuen herritarrekin eta elkarteekin batera arituz gobernatu nahi duela EH Bilduk Lezoko Udala, eta gai estrategiko batzuetan (Gaintxurizketa eta badia) herri gisa jokatu behar dela, ez alderdi bezala. Lezoko EH Bilduren egiteko modua, proiektua, jarrera eta taldea nabarmendu zituen, eta mobilizazioa eskatu zuen alkatetza lortzeko hilaren 28ko udal hauteskundeetan.

Eneritz Arrutik azaldu zuen hauteskundeetako proposamenak osatzeko hartu-eman asko egin direla. Proposamen nagusiak erakutsi zituzten paneletan.

Itziar Ostolazak esan zuen esku-eskura ikusten dela Gipuzkoan EH Bilduk irabaztea. Gipuzkoa bizigarriagoa aldarrikatu zuen.