AKTUALITATEA


| 2020-02-14 13:31:00
  • Gaintxurizketan eraiki nahi duten outletak talka egiten du EH Bilduk Lezorako defendatzen duen merkataritza ereduarekin

Martiarena alkateak  Gaintxurizketan eraiki nahi duten Zaldunbordako outletari buruzko eztabaida eragotzi zuen otsailaren 5eko Osoko Bilkuran.

Euskaldendakek (Euskadiko Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu enpresen Elkarteen Konfederazioa) Zaldunbordako outletari buruz eztabaidatzeko mozioa aurkeztu bazuen ere, Alkateak ez zuen gai-ordenean sartu nahi izan.

EH Bildu Udal Taldetik, puntu hau gai-ordenean sartu ez izanaren arrazoia zein zen azaltzeko eskatu genion Alkateari. Euskaldendaken mozioa aintzat hartuta, Zaldunbordako outletari buruz eztabaidatzea zergatik ukatu zuen argitu zezala. Ez genuen inolako erantzunik jaso. Oraingoan ere, gure galderen aurrean, Martiarena alkateak mutu jarraitu zuen, arrazoirik eta azalpenik eman gabe.

Zaldunbordako outletak zuzenean eragingo die Lezoko eta inguruko denda eta komertzioei, hauen egoera gehiago zailduz.

Argi dago halako mega-proiektu batek, bertako merkataritzarekin, herriko denda eta komertzio txikiaren ereduarekin talka egiten duela.

Ehun saltoki baino gehiago eraiki nahi dituzte, 28.000m² instalazioa eta 1.800 autorentzako aparkalekua izango duena.

Dendarteanek (Gipuzkoako Merkataritza Elkarteen Elkarteak) esaterako, honako hau adierazten du mozioan: Europan egindako azterlan guztiak bat datoz, eredu horiek sortzen dituzten enpleguen bikoitza suntsitzen dutela ondorioztatzen. Gainera, enplegu prekarioa bultzatzen dute eta lehia desleiala sustatzen dute, zentro horiek ez baitute gure lan akordioa aplikatzen, Estatuarena baizik.

Harrigarria, kezkagarria iruditzen zaigu, honen guztiaren aurrean, Alkateak eta EAJ-PSE Gobernu taldeak ostrukarena egitea eta gaia Osoko Bilkuran eztabaidatzeko aukera ukatzea.

Lezoko EH Bildutik eskaera zuzena egiten diogu EAJ-PSE gobernu taldeari:

  • Bertako merkataritza, herriko denda eta komertzio txikiak, guztiok elkarrekin defenda ditzagun halako mega-proiektuen aurrean.
  • Hondarribiako Udalari Zaldunbordako outlet proiektua behin betiko bertan behera utz dezala eskatzea.
  • Euskaldendakek aurkeztu zuen mozioa Osoko Bilkuran eztabaidatu dadila.