AKTUALITATEA


| 2020-04-19 16:41:00

 

150.000€tako diru-laguntza herritarren oinarrizko beharrei erantzuteko. Merkatari establezimendu txiki eta ostalarientzako 100.000€tako diru-laguntza.

 

Guk eginiko azken proposamen sortari Udal gobernu taldeak ez dio inolako erantzunik eman. Ondorioz, proposamen propioa egitea erabaki dugu.

 

COVID-19 birusaren ondorioz ezarritako alarma egoerak, herritar ugariren bizi baldintzak modu nabarmenean zaildu ditu: langabezian geratu direnak, aldi baterako lan erregulazioa jasan dutenak, ostalariak, merkatariak, autonomoak...

Bizi dugun larrialdi egoera honetan arduraz eta lasaitasunez jokatu behar da, baina hori ez dago lehenbailehen hartu beharreko erabakiekin kontraesanean.

Alarma egoera honen ondorioak bortitzen sufritzen ari diren herritar eta sektore ezberdinek ezin dute denbora luzeagoan itxaron, gaur behar dute laguntza. Horren erakusgarri, egoera berezi honen ondorioz, Gizarte Larrialdiko Laguntzak partidan, urte osorako udalak aurreikusia zuen diru kopuru osoaren %75 baino gehiago erabili behar izan dela lehenengo 4 hilabete hauetan. Horregatik, Lezoko EH Bildutik, ondorengo proposamen zehatza egiten diogu Udal gobernu taldeari:

 

  • Onartu dezala 150.000€tako diru-laguntza norbanako eta familiaren oinarrizko beharretarako:

◦ Alokairu eta mailegu ordainketak egiteko.
◦ Elikagaiak erosteko.
◦ Farmazia eta osasun produktuak erosteko.
◦ Argindarra, gasa, ura eta halakoak finantzatzeko.

 

  • Onartu dezala 100.000€tako diru-laguntza merkataritza establezimendu txiki eta ostalarientzako.

Bizitzen ari garen larrialdi egoera honek, erabaki eta neurri berriak hartzea eskatzen du.

Diru-laguntza berri hauek finantzatzeko, udalak aurreko urteetan izandako diru gerakina
eskura du.

Udal gobernu taldeari azken proposamen sorta egin genionetik 10 egun baino gehiago igaro diren arren, oraindik ez dugu inolako erantzunik jaso.

Proposamen sorta hartan, herritar ugari eta sektore ezberdinak sufritzen ari diren egoera arintzeko diru-laguntza berriak azter zitzala eskatzen genion gobernu taldeari. Gure ustez, azterketa eta hartu beharreko erabakiak guztion artean adostea litzake egokiena, baina gobernu taldearen aldetik inolako erantzunik ez dugunez jaso, gehiago itxaron gabe, proposamen propio hau egitea erabaki dugu.

Udala da herritarrengandik hurbilen dagoen administrazio publikoa eta gertukoena, berari dagokio herritarrei eman beharreko lehen erantzunak bideratzea. Horregatik, eskura dituen baliabide guztiak jarri behar ditu bizi dugun larrialdi egoera honi ahalik eta egokien erantzuteko.