AKTUALITATEA


| 2025-05-27 18:16:00

Azken asteetan Lemoizko zentral nuklearraren inguruan zabaldu diren albisteek berriro piztu dute gai honen inguruko interes publikoa. Ulergarria da: Euskal Herriaren historian funtsezko gertaera izan zen Lemoizko zentralaren eraikuntza, eta baita haren geldiaraztea ere. Hori dela eta, zentralaren lursailen etorkizuna ezin da bulegoetako ate itxien artean erabaki.

Lemoizko Udalak apirilaren amaieran argitu zuen SPRILUR sozietate publikoak hainbat lizentzia eskatu dituela azken urtean. Udalak, bere aldetik, lizentzia horien izapidetzeaz gain, azpimarratu du prest dagoela lursaileko proiektu guztiak gardentasunez eta modu integratzailean aztertzeko. Eta Lemoizko EH Bilduk, batez ere, prozesu parte-hartzaile bat abiatzeko premia nabarmendu nahi du. Herritarroi dagokigu orain bide horretan laguntzea.

Ez dugu ahaztu behar Lemoizko zentral nuklearra proiektu inposatu baten sinboloa izan zela. Herri honetako milaka lagunen borrokari esker gelditu zena. Bada, orain ezin da erabaki han zer egingo den herri honi galdetu gabe. Ez soilik alkate edo zinegotziei. Ezta Jaurlaritzari edo SPRILURri bakarrik ere. Ez, Lemoizko zentralaren etorkizuna, haren iragana bezala, kolektiboki erabaki behar da.

Isilpeko planik ez. Hitz argiak eta erabaki kolektiboak.