Metro Bilbaok Lutxana eta Plentzia arteko zerbitzuaren segurtasuna israeldar jatorria duen I-SEC AVIATION SECURITY SL enpresari esleitu dio. Lemoizko EH Bilduk enpresa horrekin egindako kontratazio publikoa salatu nahi du eta harreman hori etetea eskatzen dugu. Are gehiago, palestinar herriaren aurkako genozidioaren testuinguruan.
Ez da edonolako enpresa: I-SECek bere jakintza militarra esportatzen du, segurtasuna deitzen dioten horren izenean. Ez da onargarria gure lurraldeko espazio publikoak kontrola, errepresioa eta eskubide urraketa sistematikoetan trebatu diren profesionalen esku uztea. Metro Bilbao enpresa publikoa da, eta haren finantzaketa Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik dator. Euskal Herriak ezin du inpartziala izan. Are gutxiago, genozidio bat egiten ari den herrialde baten alde lerrokatu edo edozein motako harremana eduki.
Erakunde publikoek ezin dute isilik egon Israelgo gobernuak Palestinako herriaren aurka egiten ari den genozidioaren aurrean. 50.000 palestinar baino gehiago hil dituzte, eta milioika biztanle etxe barik eta osasun-laguntzarik gabe daude. Eta, gure zergekin, sarraski honetan parte hartzen duten enpresei eman behar diegu gure espazio publikoen segurtasuna?