Atzo jakin genuen Berangoko Udalak (PNV-PSE) ohar bat zabaldu zuela, non aipatzen den udal horrek partzela bat laga diola Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateari eguneko zentro bat eraikitzeko.
Horri dagokionez, honako hau argitu behar da:
EH Bildu Mankomunitatearen gobernura duela bi urte iritsi zenetik, EAJ bertan 30 urte egon eta gero, dagozkion kudeaketak egiten aritu da eskualdean eguneko zentro bat kokatzeko. Bi urte hauetan zehar, hainbat aukera jarri dira mahai gainean zentro hori kokatzeko, Aldundiarekin etengabe harremanetan jarrita. Momentu honetan, horietako bat aztertzen ari gara, Gorlizko medikuaren etxe zaharra, Uraren Euskal Agentziak (URA) erabilera hori baimenduko lukeela egiaztatu ondoren eta Gorlizko Udalaren hirigintza-araudia betez. Dagoeneko eraikita dagoen eraikina da, Aldundiaren jabetzakoa, eta, beraz, ez litzateke eraikuntza berririk egin beharko. Aipatu dugun bezala, Berangoko Udalak beste proposamen batzuk planteatzen baditu, hauek gainerako udalerrien proposamenek jasotzen duten arreta eta ikuspegi berarekin tratatuko dira, errespetu instituzionala mantenduz.
EAJ eta PSE berandu iritsi dira, eta gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak izan duen erantzukizun historikoari izkin egin nahi diote. lzan ere, Bizkaiko Foru Aldundia bi alderdiek gobernatu dute hainbat etapatan, eta ez dute eguneko zentrorik jarri gure eskualdean, nahiz eta aukera izan duten. Gaur egun, gurea Bizkaiko eskualde bakarra da baliabide hori ez duena.
Gogora dezagun, gainera, EH Bilduk jarri zuela mahai gainean eguneko zentro baten beharra, eta, horregatik, azterlan bat egin zela, hain zuzen ere, guk proposatuta. Era berean, Uribe Kostako pentsiodunen mugimenduak eguneko zentro bat eskatzeko egindako sinadura-bilketa gogoratu behar da. Mugimendu horiei esker, gaur gauden puntuan gaude.
EH Bilduk uste du zintzotasunez lan egin behar dela, eta herritarrentzako onura bilatu beti. ltxaropen faltsuak sortuz etekin politikoa ateratzen saiatzea ez zaigu egokia iruditzen. Gure konpromisoa irmoa da, eta lanean jarraituko dugu beharrezkoa ez den zaratarik sortu gabe, herritarrei ematen diren benetako urratsen berri emanez.