AKTUALITATEA


| 2023-02-14 21:26:00

Jesus Mari Arizmendi Bastarrika izango da koalizio ezkertiar eta soberanistaren alkategaia 2023ko udal-hauteskundeetan.

Jesus Mari Arizmendik 62 urte ditu. Biokimikan doktorea da eta Leioako UPV/EHUn egiten du lan irakasle eta ikerlari moduan. Lemoizko eskola zabaltzeko lan egin zuen buru belarri (1999-2003) eta behin eskola zabaldu zenean Guraso Elkartean denbora luzez aritu zen (2003-2012). Lemoizen euskararen erabilera bultzatzeko hainbat ekimenen antolaketan hartu du parte, Koixi Euskera taldean beronen sorreratik, Korrikan eta Euskaraldian, esate baterako. Gure Esku Dagoko dinamikan ere parte hartu du eta 2017ko herri kontsulta antolatzen jardun zuen. 2019ko udal hauteskundeetan Lemoizko EH Bilduren alkategaia izan zen eta harrezkero zinegotzia eta udal taldeko bozeramailea da.

Horrenbestez, barne arautegia bete ondoren, bera izango da gure alkategaia 2023ko udal-hauteskundeetan.

 

Hurrengo urratsak zerrenda osatzea eta herri programa lantzea

Lemoizko EH Bilduren hauteskunde zerrenda osatuko duten pertsonak proposatzeko eta izendatzeko prozesu parte-hartzailea martxan dugu eta martxoaren hasieran burutuko da. Alkategaia aukeratzeko egin den moduan, bigarren fase horretan parte hartzeko ere ezinbestekoa izango da EH Bilduren barneko erroldan izena emanda izatea elkarrekin.ehbildu.eus helbidean.

Nolanahi ere, bai herriko auzo desberdinek, zein udalak berak, ezinbesteko dituzten aldaketa proposamenak jasotzen hasi eta beraiekin gure Herri Programa osatzen hasi gara eta lan horretan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.