Legealdi mugitua izaten ari da 2019ko ekainean abitu genuena, eta seguruenik, bizi ditugun garai hauek ez ditugu nolanahi ahaztuko. Egungo egoerak behartu egiten gaitu lehentasunak eta baliabideak nora bideratu birpentsatzera, zer-nolako aukerak eta hutsuneak ditugun aztertzera, eta herri gisa konponbideak planteatzera. Zer-nolako aukera dute herriko gazteek eta ez hain gazteek etxebizitza duin bat lortzeko? Turismoari loturiko planteamendua beste herriekin elkarlanean egin nahi dugu edo haien ondareaz baino ez dugu nahi baliatu? Sortzen diren lanpostuak kalitatezkoak dira? Zer-nolako eskaintza kulturala daukagu gure herriarentzat? Egokia da?... Galdera horiek, eta beste asko, erantzun bat baino gehiago izan dezakete, baina betiko akatsetan ez erortzeko, atera egin behar genuke autokonplazentziazko egoeratik eta azterketa zorrotzak egin.
Eta horretarako, lehen pausua gobernantza ereduari arreta jartzea da. Nola gobernatzen da Lekunberrin? Gure ustez, Udala herritar guztiona da, ez alderdi batena. Eta erakunde hori kudeatzeko ardura duenak esaten duena egin beharko luke eta egiten duena esan. Sinplea dirudi, baina, tamalez, jende batek barneratua dauka Udala beraien jabetzakoa dela, eta horrek asko zailtzen du etorkizunean ditugun erronkei herri gisa erantzutea. Gure iritzian, instituzioen apropiazioa ez da neurri egokia herri batek aurrera egin dezan.
Politikan egiten denak baino garrantzi gehiago eman du saltzen den irudiak, edo hori diote behintzat komunikazio politikoan dabiltzan batzuek. Seguruenik, batzuek horrela ulertzen dute politika, baina horrek ez ditu konpontzen arazo estrukturalak (enpleguaren kalitatea, energia krisia, etxebizitza eskubidea, mantenu arazoak, kalitatezko zerbitzu publikoak…). Horretarako, politika publikoak diseinatu behar dira, eta gure herriaren errealitateari erantzun. Herriarekin eta herriarentzat egin beharreko bidea da. Nekez egingo dugu aurrera 20.000€ bideratuz herriko mugikortasunari loturiko diagnostikoak egiteko parte hartzea aldarrikatuz, eta ondoren parte hartzeko aukerak baztertuz. Edo udalarena den eraikin batean, Guardia Zibilak erabiltzen duen horretan, 226.000€ gastatu eta egoera argitzeko proposamen bat mahai gainean jartzen dugunean, beste aldera begiratu eta kontra bozkatuz. Horrelako jarrerek deskonfiantza sortzen dute. Nola aldarrikatu kudeaketa efizientea egiten dela, eta gai konplikatuen aurrean ezer gertatuko ez balitz bezala jardun?
Gure ustez, gobernantza eredu berri bat behar dugu, behetik gora eraikitzen dena, herritarrak eta horien beharrak erdigunean izango dituena. Garaiak aldatzen ari dira, erronka berriak ate joka ditugu eta horiei errotik heldu ezean, jai izango dugu. EHBildu prest dago bide hori egiteko; ikasturte berria hasi dugu eta betiko formula zaharrek ez dute balio galdera berriei erantzuteko. Horregatik, eskua luzatu nahi diegu gure herriaren etorkizunaren inguruan arduratuta dauden guztiei, posible delako -eta beharrezkoa ere bai- norabide aldatzea. Bulkada berriak behar ditugu garai berrietarako.