AKTUALITATEA


| 2021-06-02 16:06:00

Maiatzeko udalbatzarrean, herritarrek osoko bilkura eta batzordeetan  parte hartzeko araudia onartu zen. Lekunberriko Taldeak aurkeztu zuen proposamena eta, beren esanetan, herritarren parte-hartzea hobetu nahi du. EHbilduk arauaren kontrako botoa eman genuen, murriztailea eta mugatzailea iruditzen zaigulako: beste gauzen artean, adibidez,  2 interbentziotara mugatu nahi dute herritarren parte-hartzea eta aldez aurretik batzarrean edozein azalpen eman nahi bada, 5 egun lehenago eskatu behar zaio baimena alkateari. Herritarrek, izan ere, araudi hau onartu aurretik, aukera dute gai zerrendatik kanpo beren ekarpenak egiteko behin batzarra bukatu denean, baldin eta alkateak horretarako aukera onartzen badie. Orain arte ez da inoiz arazorik egon horrekin; beraz, zer gertatu da?

Gure ustez, hauxe da proposamen hori orain aurkeztearen arrazoia: azken hilabeteetako udalbatzarretan, zenbait herritarrek hitza eskatu dute batzarra bukatu ondoren, eta hainbat gairen inguruan beren argudio eta galderak bideratu dituzte (ura eta saneamendu tasaren inguruan, informazio eskaerak, 13. sektorea… ). Eta badirudi Lekunberriko Taldekoak ez dutela gogoko izan.

Dena den, egoki ikusten ditugu araudi horrek zehazten dituen puntu batzuk: batzarretarako deialdiak eta udal erabakiak argitaratzea, Informazio eta Komunikazio Teknologiak erabiltzea herritarrekin interakzioan aritzeko, tramiteak egiteko, dokumentuak aurkezteko... Horietako batzuk, egia esan, martxan daude dagoeneko, eta beste batzuk, aldiz, ez dira egiten, baina ez araudirik ez dagoelako, borondate politikorik egon ez delako baizik. Adibidez, oso ohikoa da Batzarretako deialdiak eta aktak webgunean argitaratzea, baina Lekunberrin azkeneko urteetan ez da egin. 

EHBilduk udal irekia, gardena eta parte hartzailea nahi du, eta horregatik, beste proposamen bat  egin genuen batzarrean: Udalak barne araudi bat egin dezala eta hainbat arlotan parte hartzeko moduak eta bitartekoak zehaztu ditzala: lan talde parte-hartzaileak, komisioak, informazio eskubidea... Eta EHBildutik, gainera, argi ikusten dugu araudi hori herritarrekin eta eragileekin egitea izango litzatekeela egokiena. Lekunberriko Taldeak ezetz esan zion gure proposamenari, eta argi utzi du zein den bere jarrera: parte-hartzea berak nahi duen bezala arautzea, herritarren parte-hartzea mugatuz.