AKTUALITATEA


| 2022-10-31 09:54:00

Urriaren 27an egindako ohiko batzarrean, Lekunberriko Taldearen aldeko botoekin eman zaie hasierako onarpena udaleko aurrekontuei. EHBilduk kontrako botoa eman du, eta gure erabakiaren arrazoia zein izan den azaldu nahi dugu lerro hauetan.

Azken urteetako aurrekontuak bezala, Lekunberriko Taldeak ez du asmorik izan eztabaida prozesu bat ireki eta EHBildurekin adostasunetara iristeko. Herritarrak eta eragileak ere bazter batean utzi ditu Lekunberriko Taldeak, ez baitie parte hartzeko aukerarik eskaini. Aurrekontu prozesua   korrika eta presaka bideratu dute, dokumentazioa behar bezala aurkeztu gabe: Ertzilla Partzuergoko aurrekontuak onartu gabe daude, ez dira aurkeztu Beti Kozkorreko aurrekontuak edo Aralar irratiko aurrekontuak kontseilua bildu gabe onartu dira.  

Oposizioarekin landu gabe eta herritarrei parte hartzeko aukerarik eskaini gabe eman zaie lehen onarpena 2023ko aurrekontuei

Aurrekontuen gaiari horrela heltzeak, elkarlanik gabe, informazioa ezkutatuz eta modu itxian, politika ulertzeko modu bat erakusten du: Lekunberri eta Udala haiek bakarrik balira bezala jokatzen dute, beren eredua bakarrik dagoela pentsatuz, baina instituzioen apropiazioa egitea ez da neurri egokia herri batek aurrera egin dezan.

Edukiei dagokienez, aurrekontu hauek hutsune nabarmenak dituztela iruditzen zaigu. Legegintzaldi honetako azken aurrekontuak dira, eta faltan sumatu dugu, batez ere, arlo sozialari loturiko politika aktiboak egiteko baliabideak jartzea eta planteamenduak egitea (legegintzaldi osoan sumatu dugu hutsune hori): besteak beste, etxebizitzari loturiko politikak, mugikortasuna hobetzeko neurriak, gazte eta gaztetxoen aisialdia indartzeko neurriak, 2012an berdintasuna arloan egindako murrizketei buelta emateko borondatea, kultur programa garatuagoa eta larrialdi klimatikoari erantzuteko herritarrentzako pizgarriak. Uste dugu herritarren beharrei erantzuteko eta biztanleen ongizatea bermatzeko aurrekontuak izan behar ditugula, baina lau urte hauetan gertatu den bezala, hainbat gai agendatik kanpo daude edo ez zaie eman merezi duten garrantzia.

Arlo sozialari loturiko politiko aktibo gehiago egiteko baliabideak falta dira datorren urteko aurrekontuetan ere

Honekin batera, jabetzen gara Lekunberriko udalerriak mantenimendu arazo handiak dituela eta aurrekontuaren zati handi bat horretara bideratuko dela, eta hori ontzat jotzen dugu, legegintzaldi honetan lehen egunetik jarri baitugu mahai gainean mantenimenduarekin dugun arazoa,  baina esan behar dugu azken 15 urte hauetan harturiko erabaki askok kalte egin diola  gure herriko azpiegituren egoerari. Lehen ere esan dugu behin baino gehiagotan: aurrera begira plan estrategiko behar dugu mantentze lanen arloan.

Beste atal batzuetan ere aldaketak behar ditugula uste dugu: alde batetik, uraren eta saneamenduaren gaiarekin ez dago argi tasa horretatik jasotzen den diru guztia zertara bideratzen den, edo arkitektura zerbitzuan deskontrola sumatzen dugu. Lanaldi erdian zegoen lehen eta lanaldi osora pasatu da orain , baina aldaketa hori justifikatu gabe egin dela uste dugu.

Aurrekontu horiek ikusita, EHBildutik zuzenketak aurkeztuko dizkiogu hainbat atal hobetzeko. Krisi garai hauetan, beharrezkoa ikusten baitugu herria hobetzea, gardentasunez lan egitea eta herritarren ongizatea bilatuko duten planteamenduak bultzatzea.