AKTUALITATEA


| 2024-09-25 14:04:00

Leioako auzo eta kultur erakundeek Kurkudi inguruan HAPOren aldaketaren aurka jarritako salaketaren ondoren, bihar, iraileko udalbatzak administrazioarekiko auzibidean amore ematea erabakiko du.

Honen ondorioz, EAJk eta PSEk, PPren laguntzarekin, egindako HAPOren aldaketa indarrik gabe geratuko da, eremu naturalaren babesa kendu eta mega-gimnasio pribatu bat eraikitzea ahalbidetzen zuena.

Prozedura judizialean argi geratu da legez kanpoko aldaketa bat zela eta ingurumen-inpaktuaren txostena iraungita zegoela, auzo-elkarteen eskariaren gainerako argudioak baloratu gabe.

EH Bilduk Batzordean egindako galdera baten ondoren, eta prentsan argitaratutakoagatik, orain badakigu zein den EAJk eta PSEk osatutako udal gobernu taldearen asmoa: interes pribatuei erantzuten dien proiektu hau berriro bultzatzea.

Asko harritzen gaitu udal gobernu taldeak bere asmoak iragartzeko izan duen bizkortasun eta presa, kontrako epai judizialaren aurrean. Uste dugu ez dutela bizkortasun bera izan kiroldegia edo Institutua bezalako proiektu publikoak bultzatzeko orduan. Zein interesi erantzuten dion kudeaketan duten ezberdintasunak jakinarazi beharko dute.

EH Bildu hasieratik agertu zen Kurkudin hirigintza aldaketa honen aurka, hirigintza nahierara (a la carta) egitearen adibide argia baita, interes pribatuak interes publikoen gainetik jarriz. Izan ere, giza-eskalan egindako hirigintza iraunkorra defendatzen jarraitzen dugu, parte-hartzailea, non interes orokorra eta kolektiboa lehentasuna izango diren erabakiak hartzeko orduan. EAJk eta PSEk bultzatzen duten hirigintza espekulatibo honen aurka gaudelako, naturguneak defendatu nahi ditugulako.

Dei egin nahi diegu EAJri eta PSEri, Udal Gobernua osatzen duten alderdiei: Aprobetxa dezagun epaiak ematen digun aukera hau hausnarketa egiteko eta elkarrizketaren eta konpromisoaren bidetik bideratzeko arazoa konpontzeko, interes pribatu eta alderdikoien gainetik Leioako herritarren interes orokorra gailentzeko.