“Osasun krisiari aurre egiteko aurrekontuak badira, bitxia da %3,2 bakarrik Covid programara bideratzea”, dio EH Bilduk. Pandemian egonda ere osasun eta hezkuntzan ahalegin berezirik ez egitea egotzi dio Gobernuari. Akordio zabal bat nahi badu, horretarako baldintzak sortzea berari dagokiola gogorarazi dio.
EH Bildu kezkaturik agertu da “mundu osoan digitalizazioa politika publikoen erdigunean kokatzen ari den momentuan, hemen, sektore publikoaren presentzia areagotu ordez, kontrako norabidean ari garelako”. Euskaltelen pribatizazioaren erantzukizuna Jaurlaritzari egotzi dio.
EH Bildu eta Elkarrekin Podemos IU taldeok Erregelamenduak ezohiko egoeretan aurreikusten duen mekanismoa aktibatzea proposatu dugu, Legebiltzarrak urtarrilean ere lanean jarrai dezala pandemiak eskatzen dituen erantzunak emateko.
Autogintzaren etorkizuna definitzea eta sektorea sustatzea helburu, EH Bilduk pasa den legealdiko ponentzia berrartzea proposatu du, sektoreak dituen erronkei modu planifikatuan aurre egiteko.