Legebiltzarra

Euskarari eraso eginez, Euskal Herriaren aurka jotzen ari direla ondo dakite Vox eta PPk

EH Bilduk azpimarratu du euskararen erabilera arautzen duen dekretuak euskaldunen zein erdaldunen hizkuntza eskubideak bermatzen dituela.

| 2020-01-22 18:55:00

EH Bilduk gogor kritikatu ditu Vox eta PP alderdiek udal eta tokiko erakundeetan barne eta kanpo harremanetan bi hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duen Jaurlaritzaren dekretuaren aurka iragarritako helegiteak. Rebeka Uberak gogora ekarri du dekretua EAJ eta EH Bilduk adostutako Udal Legearen garapena dela eta, azpimarratu duenez, “herritar ororen hizkuntza eskubideak, euskaldunenak zein erdaldunenak, bermatzera eta, are gehiago, segurtasun juridikoa ematera dator”.
Uberak “euskararen aurkako eraso zuzen” gisa hartu ditu Vox eta PPren helegiteak eta, horren ildotik, erantsi du “batak zein besteak oso argi dutela non jo Euskal Herriaren aurka, alegia, hizkuntzan, kulturan eta gure burua gobernatzeko dugun eskumenetan”. Oinarrian, salatu du, “euskararen kontrako eraso hau gizarte eta herri bezala gure burua gobernatzeko eta gure erakundeak antolatzeko dugun gaitasunaren eta eskumenen kontrako erasoa ere bada, beste bat, eta horren atzean funtsean dagoena birzentralizazio prozesuan sakontzeko alderdi horien asmoa baino ez da”.
 

EH Bilduk matrikulazio prozesuan segregazioa ekiditeko irizpideak aplikatzeko eskatu dio Hezkuntza Sailari

Rebeka Uberak proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean araudia zorrotz bete dadin eta, hala, ikasle guztien aukera berdintasuna berma dadin.

| 2020-01-22 17:45:00

Hezkuntza Sailak 2020-2021 ikasturterako matrikulazio prozesua aurkeztu du gaur eta, horren haritik, EH Bilduk legez besteko proposamena erroldatu du Legebiltzarrean prozesu horren baitan ikasle guztien aukera berdintasuna bermatzeko. Proposamenaren helburua, Rebeka Uberak azaldu duenez, indarrean dagoen matrikulazio araudia zorrotz betetzea da, eskola segregazioa saihesteko. Izan ere, “matrikulazio prozesua oinarri nagusietakoa da segregazioari aurre egiteko eta herritarren arteko mailaketa hezkuntza esparruan murrizten joateko, gizarte kohesioa eta inklusioa helburu izanda”.
Helburu horiekin, hain justu, EH Bilduk matrikulazioari buruzko dekretua aldatzea proposatu du behin baino gehiagotan eta orain, aldatu bitartean, “indarrean den araudia behar bezala betetzeko eskatu behar zaio Jaurlaritzari, maiz ez dituelako segregazioari oinarritik heltzeko hartu beharreko neurriak hartzen”. Hori dela eta, Uberak aurkeztutako proposamenak Hezkuntza Sailari eskatzen dio berma dezala matrikulazio prozesuan aplikatu beharreko irizpideek ez dutela familia eta ikasleen aukera berdintasuna urratu, betiere segregazioa ekiditeko helburuarekin.
 

ALBISTEAK

EH Bilduren bi lege proposamen eztabaidatzeari uko eginda, Lakuak elkarlanean aritzeko borondate falta agerian utzi du berriz ere

2020-10-13 15:16:00

Jaurlaritza ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzeari eta euskara doan ikasteko eskubideari buruzko legeak tramitatzearen aurka azaldu da. EH Bilduren iritziz, “atzerapausoa nabaria, larria eta adierazgarria da, pasa den legealdiak bi proposamenak tramitera onartu zirelako”.

Osasun Sailak azalpenak eman behar ditu Tolosako Asuncion klinika konfinatzeko erabakiaz

2020-10-10 12:26:00

Ibai Iriartek gertaturikoa larria dela eta Tolosaldeko herritarrentzat ondorio negatiboak dituela ohartarazi du. Argibideak eskatu dizkio jada Lakuari. Kasu hau osasun zerbitzu publikoak esku pribatuetan uztearen ondorio da eta eskualdeak ospitale publikoa behar duela frogatzen du.

EH Bilduk mozioa aurkeztu du Urkulluk atzera egin eta Emakunde Lehendakaritzara itzul dadin

2020-10-02 15:43:00

Oihana Etxebarrietaren irudiko, Emakunden eginiko akatsa zuzentzeko aukera galdu du gaur Urkulluk, feminismotik aho batez eginiko kritikei muzin egin baitie.

Pandemiaren ondorioz lan erregulazioan sartu diren langileen %4k soilik kobratuko lukete gaur Jaurlaritzaren laguntza

2020-09-30 16:04:00

EH Bilduren ustez, onartezina da Lakuak laguntza hori oraindik ordaindu gabe jarraitzea. Osagarria 7.800 langile ingururi ordaintzeaz ari da Urkulluren Gobernua, baina 200.000 inguru dira lan erregulazioan egondakoak. Premiazkoa da laguntza horiek hobetzea eta zabaltzea.