AKTUALITATEA


| 2019-12-05 17:57:00

Podemosek aurkeztu dituen zuzenketak aztertuta, agerikoa da talde parlamentario horrek uko egin diola alternatiba izateari eta Jaurlaritzaren aurrekontuen negoziazioaren baitan lehentasun osoa izan behar duten hainbat aldarrikapen bazter utzi dituela, nagusiki Diru-Sarrerak Bermatzeko Legeari eta Jasangarritasun Energetikoaren Legeari dagokienez.
Nerea Kortajarenak salatu duenez, “Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentan %4ko igoera ontzat emanda, Podemosek azken urteotako murrizketa guztiak onartzen ditu praktikan, 2008an Legebiltzarrak onetsi zuen Diru-Sarrerak Bermatzeko Legea betez gero, igoera dezente handiagoa litzatekeelako eta, batez ere, bermeak eta ziurtasuna eskainiko lizkiekeelako DBEren onuradunei. Lege hori betetzea ez dakarren edozein igoera, finean, murrizketa da eta oso larria da Podemos Gobernuaren joko horretan erortzea, are gehiago 2008ko legea betetzeko eskatzea eta murrizketa horiek salatzea Podemosen betiko diskurtso eta aldarrikapena izan denean. Duela urtebete, aurrekontuen eztabaidan ere hala exijitu zuen, baina, antza, bere konpromisoak iraungitze data zeukan”.
Diru-Sarrerak Bermatzeko Legea betetzeko Lakuak duen obligazioa alde batera utzi eta berdin egin du Podemosek Jasangarritasun Energetikoaren Legearekin. Legeak dioena argi dago. Hitzez hitz, hala dio: 2020an “Jaurlaritzak, lege hori aplikatzeko egin beharreko inbertsioak errazteko asmoz, toki-erakundeei laguntzeko finantza-tresna bat eratuko du. Finantza-tresna hori, betiere, 100 milioi eurorekin eratuko da gutxienez”.
EH Bilduk hala egiteko exijitu dio, beraz, Jaurlaritzari, bai eta 100 milioi horiek 2020ko aurrekontuetan txertatzeko ere, legeak dioenez. Podemos ere horretan egon da orain arte, baina orain horri ere uko egin dio, EAJri men eginez. Gaur aurkeztu dituen zuzenketen arabera, Lakuak 10 milioi baino ez ditu bideratuko datorren urtean aldaketa klimatikoaren kontrako udal ekintzak finantzatzera, eta derrigorrezkoak diren 100 milioiak ez dira inbertituko gutxienez 2024ra arte: 13 milioi 2021ean, beste 13 2022an, beste 13 2023an eta 41 milioi 2024tik aurrera. Akordio horrekin Podemosek ontzat eman du legearen aplikazioa hipotekatzea.