AKTUALITATEA


| 2019-04-24 19:56:00

~~“EH Bildu berme bakarra da euskal agenda soziala Madrilen egon dadin”, azpimarratu du Oskar Matutek gaur arratsaldean Barakaldon, haren jaioterrian, alegia, EH Bilduk bertan egin duen ekitaldi elektoralean. Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak ziurtatu du koalizioak euskal jendarte osoaren interesak eta beharrak defendatuko dituela Kongresu eta Senatuan, eta ohartarazi du ezin dela horrelakorik espero euren erabakiguneak Madrilen dituzten alderdien aldetik. Kritikatu duenez, atzo eta herenegun egindako telebistako eztabaidek argi utzi dute alderdi horiek ez daukatela inolako proposamenik herri honetako pertsonen bizitzak hobetzeko, hemengo errealitatea ezagutzen ez dutelako eta, are okerrago, interesatzen ez zaielako”.
Horri jarraituz, gogora ekarri du Ezkerraldean jendeak ondo baino hobeto dakiela hori hala dela, “eskualderen batek Madrilgo gobernuen interes eta arreta falta pairatu baldin badu, hori Ezkerraldea delako”. Matuteren esanetan, “alderdi horiek urtean behin edo bitan datoz botoa eskatzera; gu, ordea, hemen bizi gara, gure auzokideen errealitatea sentitzen dugu egunero, lehen eskutik dakigu zein diren euren lehentasunak. Hortik dator hain justu euskal agenda soziala Kongresu eta Senatura eramateko gure konpromiso irmoa, besteak beste, pentsio duinak lortzeko, prekarietatea baino ekarri ez duen lan erreforma indargabetzeko eta emakumeek jasaten duten soldata arrakala bertan behera uzteko”.
Jon Iñarritu: “Gure eskubide eta askatasunak jokoan izango ditugu igandean”
Matutek bezala, Jon Iñarritu Kongresurako Gipuzkoako hautagaiak ere telebistako eztabaidak aipatu ditu Barakaldon. Bere hitzetan, “debateetan argi geratu da eskuin espainolentzat EH Bildu dela etsaia eta ez gaituztela Madrilen nahi, ondo dakitelako ezkerreko subiranistak asko eta erabakigarriak izango garela eta aginterako ateak itxiko dizkiegula”. Iñarrituk ohartarazi du “igandean gure eskubide eta askatasunak egongo direla jokoan, gure herriaren eta euskal herritar guztien etorkizuna eta ongizatea”, eta bermatu du trifatxitoak ez duela gobernatuko erabaki hori EH Bilduren esku baldin badago. Horretarako, erantsi du, “ikuspegi nazionaletik zein sozialetik gure herriak aurrera egin behar duela uste duen herritar ororen boto guztiak zenbatu behar dira hautestontzietan; boto bat bera ere ezin daiteke etxean geratu”.