AKTUALITATEA


| 2026-01-15 12:21:00

Elgoibar eta Tolosako anbulantzia medikalizatuen publifikazioak bertako langileentzat ondorio larriak izan ditzakeela kontuan hartuta, EH Bilduk Legebiltzarreko Osasun Batzordea urtarrilean aktibatzea eskatu zuen, afera hori argitzeko, nahiz eta jarduera parlamentarioa hilabete honetan etenda dagoen. Koalizio independentistaren asmoa zen anbulantzia horietako langileen ordezkariak eta Osasun sailburu Alberto Martinez batzordean lehenbailehen agertzea, otsailera arte itxaron behar izan gabe, zerbitzu horren publifikazioa berme guztiekin burutuko dela ziurtatu ahal izateko, “funtsezkoa delako Legebiltzarrak prozesu horretan inplikaturiko alde guztiei entzutea, ahal den heinean elkarrizketa, negoziazioa eta, azken batean, publifikazioa bera behar bezala bultzatzeko”, Rebeka Uberak adierazi duenez. Izan ere, “ez Osakidetzak, ez Osasun Sailak ez dituzte prozesu horren inguruabar guztiak argitu, ez eta langile guztien lan baldintzak zehaztu ere, eta horrek, normala denez, kezka eta ezinegona areagotu ditu langileen artean. Ematen ari zaien tratua ez da onargarria”.

EAJk eta PSEk, baina, EH Bilduren eskaria atzera bota eta Osasun Batzordea urtarrilean aktibatzeari uko egin diote, Elgoibar eta Tolosako anbulantzia medikalizatuetako langileei bizkarra emanda. “Erabakia iraingarria da”, Uberaren iritziz, “ez gure proposamena ez onartzeagatik, baizik eta langileak mespretxatzea delako”.

EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, “bere horretan, auzi honek agerian uzten du, berriz ere, zein den Gobernu honen jokabidea legealdia hasi zenetik. Marketing ariketa etengabeetan murgiltzen da, promesak egiten ditu, konpromisoak ere hartzen ditu, baina gero horrek guztiak ez du isla praktikorik bere jardunean. Ez ditu ez promesak, ez konpromisoak betetzen, ez ditu hitzak ekintzetara eramaten eta, ondorioz, gizarte bezala ditugun arazoek funtsean berdin jarraitzen dute, zerbitzu eta politika publikoak benetan indartuko lituzketen neurri eraginkorrak hartzeko gauza ez delako”.