Etxeko enplegua gainontzeko enpleguarekin parekatzea eta etxeko langileek zaintzen arloan egiten duten lanak duen balioa aitortzea helburu, EH Bilduk proposamen bat mahai-gaineratu du gaur Legebiltzarrean, etxeko langileek teorian aitortuta duten negoziazio kolektiborako eskubidea praktikan gauzatzeko. EAJk, PSEk eta Sumarrek bat egin dute koalizio subiranistarekin eta, azken honen ekimena onartuta, Legebiltzarrak urrats bat egin du langile horiek behingoz hitzarmen kolektibo propioa izan dezaten. Pazis Garcia legebiltzarkideak adostasun politiko honen balioa azpimarratu du, “etxeko lanen sektorearen garrantzia nabarmena delako, langile kopuruagatik ez ezik, familien, eguneroko bizitzaren eta ekonomiaren funtzionamenduan egiten duen ekarpenagatik ere”.
EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, etxeko langileei negoziazio kolektiborako eskubidea aitortzen zaie, baina ezin dute praktikan gauzatu, sektore horretan ez dagoelako patronal bat negoziazio mahai batean esertzeko, besteak beste, Confebaskek uko egin diolako funtzio hori betetzeari.
Hori dela eta, EH Bilduren proposamena onartuta, Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio etxeko enplegatzaileen elkarte baten sorrera sustatu dezala, eta baliabide teknikoak eta ekonomikoak eskaini diezazkiola. Eta hori lortu bitartean, azter dezala zein aukerak dauden indarrean dagoen beste hitzarmen kolektibo bat, etxez etxeko laguntzakoa, esaterako, etxeko langileei aplikatzeko, mekanismo hori ere posiblea baita legearen arabera.
Gaur Legebiltzarrean emandako aurrerapauso honen garrantzia nabarmendu du Pazis Garciak, Jaurlaritzaren inplikazioa dakarrelako, etxeko langileen sektorean hitzarmen kolektiboa lortzeko. Izan ere, “ezin da ahaztu etxeko enpleguan dauden ardura politikoak, sektore horretan dagoen prekarietatea zaintza-sistema publiko baten gabeziaren gainean eraiki dela. Erakunde publikoak, beraz, arazoaren parte dira, eta konponbidearen parte aktiboa izan behar dute horregatik”.