EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean Jaurlaritzari eskatzeko Gobernu espainolak arrantza sektoreari bideratutako diru-laguntzak osatu ditzala. Naiara Fernandez Madariaga legebiltzarkideak ohartarazi duenez, “gasolioaren prezioaren gorakadak egoera larrian jarri ditu euskal arrantzaleak, eta horren isla da Ondarroako alturako flotaren egoera: 17 itsasontzik asteak daramatzate portuan, egungo kostuekin itsasora irtetea ekonomikoki bideraezina delako, eta Madrilen iragarritako diru-laguntzak ez dira nahiko kostuen igoera konpentsatzeko”.
Hori dela eta, premiazkotzat jo du “hemen ere neurriak hartzea euskal flotaren jarduera berreskuratzeko, eta estrategia bat garatzea haren errentagarritasuna eta lehiakortasuna bermatzeko epe ertain-luzera”.
Helburu hori du EH Bilduko legebiltzarkidearen proposamena: batetik, Jaurlaritzak osatu ditzala Gobernu espainolaren laguntzak; bestetik, estrategia bat garatu dezala sektoreko eragileekin elkarlanean, Bizkaiko eta Gipuzkoako flotaren errentagarritasuna eta lehiakortasuna bermatzeko. Azaldu duenez, “estrategia horrek flotaren modernizazioa, energia-eraginkortasuna eta kostuen murrizketa sustatu beharko lituzke, bai eta erregai fosilekiko mendekotasuna pixkanaka murrizteko neurriak bultzatu ere”. Halaber, azpimarratu du, “neurriak hartzerakoan, ontzien gaineko eragin zuzena ez ezik, arrantzari lotutako gainerako jarduera ekonomikoetan sortutako ondorioak ere kontuan hartu beharko dira”.