EH Bilduk datu zentroei buruzko debatea ipini du mahai gainean Legebiltzarrean, eta Jaurlaritzari arlo horretan estrategiarik ez edukitzea leporatu dio. Ander Goikoetxeak salatu duenez, Pradales lehendakariaren Gobernuak sektore horri dagokionez duen plan bakarra honakoa da: ahal duenak ahal duena egiten jarraitzea, inolako planifikaziorik gabe. Eta horren emaitza, adibidez, Ribabellosan (Araba) dugu: Merlin Properties enpresa hipereskalako datu zentro bat eraikitzen ari da bertan, 300 MW kontsumituko duen zentro bat, hain zuzen.
Ander Goikoetxeak ohartarazi duenez, “datu zentro horrek 300 MW kontsumituko ditu, eta horrek Arabaren kontsumo elektrikoa bikoiztea suposatzen du; hau da, Euskal Herriko parke fotovoltaiko handienak, Ekienea izenekoak, sortuko duen energia osoa zentro horretara bideratuko da, bai eta Solaria proiektatzen ari denaren zati handi bat ere”.
Bizkaian ere halako datu zentro erraldoiak eraikitzeko zenbait proiektu daudela gogorarazi eta gero, EH Bilduko legebiltzarkideak debate zintzo bat eskatu du datu zentroen inguruan. Izan ere, “jakina da gure industriak potentzia falta duela prozesuak elektrifikatu ahal izateko, eta eskala handiko datu zentro hauek kontsumitzen duten energia gure industriari faltako zaio; bati ematen diogun energia besteei faltako zaie, eta hori herritarrek ordainduko dute, era horretan energiaren prezioa izugarri igoko delako, Estatu Batuetan, Virginian, gertatu den bezala”.
Jaurlaritza ezer planifikatu gabe bultzatzen ari den makrozentro horien ordez, Goikoetxeak eskala ertaineko datu zentroetan oinarritutako estrategia baten beharra aldarrikatu du, “gure enpresa sarearen beharrak eta zerbitzuak asebete eta sektore publikoaren eta pribatuaren arteko kolaborazioa bermatuko duena, betiere publikoaren eragina ziurtatuta, gure ezagutza sarearekin elkarlanean, gure enpresek euren datuak datu zentro horietan gorde eta zerbitzu digitalak garatu ahal ditzaten. Burujabetza digitalaren estrategia bati lotutako estrategia bat, azken batean”.
Horren ildotik, EH Bilduko legebiltzarkideak Jaurlaritzari eskatu dio atzera egin dezala eta erretiratu ditzala Gobernu espainolak datu zentro erraldoien hedapena mugatzeko onartu duen dekretuari aurkeztu dizkion alegazioak. Alde horretatik, argitu dadila eskatu dio PSEri, Lakuan Sanchezen dekretuaren kontra egiteagatik. “Hemen PSEk, EAJren eskutik, datu zentroen kontrolik gabeko hedapena hauspotu bitartean, Madrilen hedapen horri mugak jarri behar zaizkiola defendatzen ari da PSOE; kontraesana agerikoa da”.