AKTUALITATEA


| 2026-10-23 09:41:00

Pello Otxandianok politika zintzo, serio eta arduratsuaren beharra aldarrikatu du etxebizitzaren krisiari aurre egiteko, eta atzera egin dezala eskatu dio horregatik lehendakariari, duela bi asteko osoko bilkuran, EH Bildu erasotzeko, gezurra esan zuelako. Izan ere, Pradalesek ziurtatu zuen EH Bilduk gobernatzen dituen udalek lurzoru publikoa dutela 45.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko. “Hori gezurra da, lurzoru horren zati handiena pribatua delako, eta, ondorioz, udalek ezin dute Jaurlaritzaren esku utzi. Beraz, atzera egiteko eskatu behar dizut, duela 15 egun esan zuen hori ez dela egia aitortzeko. Politikaren eredugarritasunaren izenean, hori ezin da egin”.

EH Bilduko bozeramaileak Jaurlaritzaren planifikazio falta ere salatu du, urteetan etxebizitza politika bat izan ez duelako. Ardurak bere gain hatzeko eskatu dio horregatik lehendakariari. Horren haritik, gogora ekarri du 2015ean onartutako Etxebizitza Legearen arabera Jaurlaritzak Etxebizitzaren Lurralde Plan Sektoriala onartzeko obligazioa duela, horren inguruko planifikazioa era egokian egiteko ezinbesteko tresna, baina 11 urte igaro eta gero, Plan Sektorial hori onartu gabe dago oraindik. “Ez da etxebizitza politikarik egin eta 11 urtetan ez da plan hori onartu; hori ukaezina da, egia objektiboa. Politika serioa egiteak nork bere ardurak onartzea eskatzen du, kasu honetan Jaurlaritzaren inakzioagatik”.

Horren emaitza agerikoa da, bere esku dagoen lurzoruan etxebizitza publikoak eraikitzeko gaitasunik ez duen gobernu bat. “Udalak lurzorua lagatzen ari dira gobernu honen exekuzio gaitasunetik oso gora. Inbutua ez da lurzorua, Gobernuak lurzorua baduelako udalek laga diotelako. Inbutua bere gaitasun faltan dago, etxebizitza publikoak eraikitzeko duen gaitasun faltan, alegia. Hori da egia, eta egia aitortzea inportantea da debate zintzo bat egiteko”.