EH Bilduk “zerbait egiten ari direnaren plantak egitea” leporatu dio Osasun sailburu Gotzone Sagarduiri, Osakidetzako Lan Eskaintza Publiko (LEP) berriarekin “milaka eta milaka lanpostu sortzen ari direla irudikatzen saiatzen ari baita, ez denean egia ospitaleetan eta anbulatorioetan egunerokoan lanean ari den plantilla handituko dela, mediku eta erizain gehiago izango ditugula”. Rebeka Uberak ohartarazi duenez, Sagarduik iragarritako LEPak “ez du horretarako balio izango”, baizik eta “Osakidetzan jada existitzen diren hainbat lanpostu (7.639) egonkortzeko eta beste batzuk, modu irregularrean ari direnak, erregularizatzeko”. Uberaren esanetan, “hori ez dago gaizki, baina ez da nahikoa, ez du Osakidetzan dugun arazoa konponduko, gogoan izan behar delako helburua behin-behinekotasun tasa %8ra jaistea dela, eta LEP honekin hori ezinezkoa izango da eta, beraz, mediku faltaren arazoa ere konpondu gabe geratuko da”.
Osakidetzan behin-behinekotasun tasa %50ekoa dela eta LEP berrian 109.000 profesionalek izena eman dutela gogorarazi du EH Bilduko legebiltzarkideak, eta azpimarratu du “datu horiek Sagarduiren eta Urkulluren betiko diskurtsoa goitik behera desegiten” dutela, erakusten dutelako “ez dela egia osasungintzan profesionalak falta direla, Osakidetzan arazoa ez dela hori, darabilen kontratazio eredua baizik, ezinezko egiten duelako mediku eta erizainei kontratu egokiak, duinak eta erakargarriak eskaintzea”. Finean, “arazoa da Osakidetzak uko egiten diola profesionalak baldintza egokietan kontratatzeari”.
Hori horrela, Uberak “Osakidetzako kontratazio politika eta Lan Eskaintza Publikoen eredua errotik aldatzea” eskatu du, “bertako langileak etengabeko ziurgabetasun egoeratik behingoz ateratzeko, profesionalak etengabe dantzan edukitzeak pazienteak kolokan jartzea dakarrelako, horrek guztiak jendeari eskaintzen zaion arretaren kalitatean eragiten duelako”.
Osakidetzak dituen arazo estruktural horien sustraietara jo nahian, EH Bildu talde parlamentarioak proposamen bat eramango du osteguneko osoko bilkurara, Osasun Sailari, lehenik eta behin, Mahai Sektorialaren izaera negoziatzailea berreskuratu dezala eskatzeko. “Sindikatuekiko elkarrizketa eta negoziazioari bide eman behar dio, zabalik dauden gatazkak behingoz konpontzen hasteko”.
Halaber, Uberak funtsezkotzat jo du “aurreko Lan Eskaintza Publikoak ixtea, pasa den asteartean Sagarduik iragarri zuena egin aurretik”. Izan ere, “jende askok egin zituen aurreko oposizioak eta oraingoan ere izena eman du, ez dakielako ziur aurrekoetan plaza lortu duen ala ez; jendeari ezin zaio horrela tratatu. Egoera horretan dagoen jendeari, hau da, oraingoan izena eman duen baina azkenean aurreko oposizioetan plaza lortuko duen jendeari, Jaurlaritzak tasak itzuli behar dizkio, eta kalte-ordainak eman ere”.
Bestetik, Lan Eskaintza Publikoetan Osasun Sailak “Osakidetzako behin-behinekotasun tasaren biktima izan diren langileak” kontuan hartzearen alde agertu da EH Bilduko legebiltzarkidea. “Milaka profesionalek urteak daramatzate lanean egoera prekario horretan, eta iruditzen zaigu oposizioetan esperientzia, euskararen ezagutza eta prestakuntza lehenetsi behar direla, azterketa baino gehiago. Lan Eskaintza Publikoak sarbide proba bilakatu beharko luke”.
Azkenik, Uberak ostegunean defendatuko duen proposamenak “langileei laguntzea eta prozesu administratiboak sinplifikatzea” ditu helburu. “LEP batean lortutako emaitzak nahikoa izan beharko luke Osakidetzako zerrendetan egoteko, beste LEP batera aurkeztu beharrik gabe. Beste LEP bat egin bitartean, emaitza hori gordeta geratu behar da kontratazio zerrendetan egoteko”.